'Dispertsioff' dispertsioaren aurkako herri ekimena antolatu dute

DV ORIO.

Hirugarren urtez, asteburu honetan dispertsioaren aurkako 'Dispertsioff' herri ekimena egingo da Orion. Presoei etxetik gertu egoteko duten eskubidea ukatzen zaien bitartean, oriotar askok kilometroak eta kilometroak egin behar izaten dituzte astebururo, euren senitarteko eta lagunei bisita egiteko. Salbuespen egoera hori salatu eta ezagutarazteko, gaur eta bihar, larunbata, adin guztientzako oriotarrentzat ekimenak prestatu dira.

Momentu honetan, Gregorio Escudero Galiziako Curtiseko kartzelan dago preso, Oriotik 600 kilometrotara. Patxi Uranga, berriz, Valentziako Picassenten, 700 kilometrotara. «Aurten bereziki salatu nahi dugu Xua txikia pairatzen ari den egoera. Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster presoen alaba urtarrilean jaio zen, Oriotik 700 kilometrotara, eta preso dago bera ere. Kartzelan umea izatearen berezko zailtasunak handitu egiten ditu dispertsioak. Umea koxkortzen ari den bezala kartzelaz kanpoko mundua ezagutzeko beharra du. Ezinbestekoa da pertsonaren garapen egokia izateko haurrak lau paretetatik kanpora dagoena ezagutzea. Horretarako umea maitatuko duen familiako kide edo lagunen batek Valentziarainoko bidaia egin beharra dauka bertan bizitzeko aukerarik ez badu behintzat. Zaintza lan honek sortzen dituen arrisku, gastu zein arazo guztiak ere ekidin daitezke. Horregatik eskatzen dugu preso daudenek berezkoak dituzten giza eskubideak bermatuak izan daitezela eta askea den haur jaio berria dagozkion eskubideen jabe izan dadila bizitzaren lehenengo momentutik», diote antolatzaileek.

Hau guztia ikustarazteko, gaur bertan zabalduko da prestatutako egitaraua, hain zuzen 19:00etan Galtzarrin, 'Motxilaren umea' dokumentala proiektatuz. Gaur egun, 113 dira gurasoren bat preso duten haur eta gaztetxoak eta horien errealitatea ezagutarazteko balioko du emanaldiak eta ondorengo mahainguruak. Bihar, berriz, Xua txikiarentzat, bizitzen ari den egoera larria samurtzeko asmotan, irri, kantu, dantza eta marrazkiak egingo dituzte Porrotx pailazo ezagunak lagunduta, goizeko 11:00etan herriko plazan. Ondoren, sagardoa eta pintxoak bertaratzen diren guztientzat. Eguerdian, haur eta helduentzat herri bazkaria egingo da gaztetxean eta 18:30ean, Apalatxerenkontzertua Kolon Txiki tabernan. Gauean, lau talderen kontzertua izango da gaztetxean: Giranice, Sofa, Itziarren Semeak eta Bar Remigio. Eta gaualdia amaitzeko, DJ Peitxer eta DJ Goio.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos