DenokZu sentsibilizazio kanpaina zabalduko da Udalaren eskutik

Udal ordezkariak. Lertxundi eta Garate kanpainako irudiarekin.
Udal ordezkariak. Lertxundi eta Garate kanpainako irudiarekin.

Indarkeria matxistaren aurrean gizarte guztiaren inplikazioa ezinbestekoa dela adierazi du Miren Elgarrestak

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko Aldundiak 'DenokZu' sentsibilizazio kanpaina jarri zuen martxan iaz. Gipuzkoako udalekin elkarlanean hedatuko du orain eta horretarako, Miren Elgarresta, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako Organoko zuzendaria, Urola Kostako udal ordezkariekin bildu da eta bertan izan dira alkatea, Nika Lertxundi, eta Berdintasun zinegotzia, Begoña Garate.

Herritarrak sentsibilizatzea helburu duen kanpaina hau udalen bitartez zabaltzea ezinbestekotzat jo-tzen du Aldundiak, «behar-beharrezkoa baita gizarte guztiaren inplikazioa, herritar, eragile eta erakundeena, indarkeria matxistarekin behin betiko bukatzeko», adierazi du Elgarrestak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak lehentasunezko helburutzat du Gipuzkoa ezberdintasunik gabeko lurraldea izatea, berdintasunaren alorrean bereziki. Xede horri erantzuteko plan aurrekari eta berritzaile ezberdinak jarri dira martxan, Aurre! Foru Plana esaterako. Egitasmo honek, biktimei arreta eskaintzeaz gain, prestakuntza, ikerketa, prebentzioa eta sentsibilizazioa ere kontuan hartzen ditu.

Azaroaren 25ean, Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunean, Aldundiak herritarrak sentsibilizatzeko DenokZu izeneko kanpaina martxan jarri zuen.

Elgarrestak adierazi duenez, «kanpaina berritzailea da, ezberdina, orain artean biktimarengan zentratuta zegoen begirada eta honekin gizartearengan jarri nahi dugu». Era berean, konpromisoa eskatu die udalei, erakunde ezberdinei eta baita ere herritarrei, gizarte osoa emakumearen lekuan jartzera gonbidatuz.

Azken aste hauetan Aldundiko ordezkariak bailaraz bailara ibili dira herri guztietako alkate, zinegotzi eta teknikariekin bilerak eginez.

Topaketa hauetan, esaterako, udako festa nagusien aurrean protokoloa lantzen hasi dira, edozein gertakariren aurrean erantzun bateratua emateko.

Lan bilera hauetako bat izan du Zarautzen Urola Kostako udalekin Elgarrestak eta aurrerantzean Getariako Udalak ere Aldundiaren kanpaina jarraituko du.

Fotos

Vídeos