Denboraldia hasteko, Oriokoren berdinketa

Berdinketa. Orioko jokalariak igande arratsaldean Billabonari sartutako gola ospatzen. / ETXEBERRIA

Nahiz eta markagailuan aurreratu, bigarren zatiaren hasieran Billabonak berdinketaren gola sartu zuenJubenilek galdu egin zuten Ligako lehen partidan Keta Getariaren aurka eta kadete mailako bi taldeek garaipenak lortu zituzten

DV ORIO.

Berdinketarekin amaitu zuen Ligako lehen partida Preferente mailako Oriokok igande arratsaldean Mendibeltz zelaian. Billabona zuen arerio eta nahiz oriotarrak aurreratu lehen zatiaren azken minutuetan eskuin aldeko zentro baten ostean defentsa batek bere atean gola sartu ondoren, bigarren zatiaren hasieran Billabonak berdinketaren gola sartu eta 1-1 emaitzarekin amaitu zen neurketa.

Egoitz Mendizabal entrenatzaileak ondorengo hamaikakoa zelairatu zuen Ligako lehen partida honetan: Joseba Requejo, Iker Urdangarin, Mikel Usandizaga (45 minutuan, Xabier Requejo), Josu Gonzalez de Txabarri, Iker Lopetegi, Iosu Solaberrieta, Hodei Urdangarin (61, Iñaki Arriola), Unai Azkue, Joxe Mari Errasti, Jon Ruiz (86, Eneko Azkue) eta Ramon Erkizia.

Jokalari gehienak gazteak, Josu Solaberrieta kapitaina kenduta. Liga hasi besterik ez da egin eta helburua ahalik eta goien ibiltzea dute. Dena den, ez dute erraza izango, eta ikusi behar zer ematen duen denboraldiak. Datorren asteburuan Andoainen jokatuko dute, Euskaldunaren zelaian.

Beste taldeen emaitzak

Oriokoren beste taldeei dagokionez, jubenilek 4-1 galdu zuten Keta Getariaren aurka. Oriokoren gola Eneko Pajares-ek sartu zuen, Harkaitz Mendizabal-en estreinaldian entrenatzaile lanetan. Kadete mailako taldeei dagokionez, lehen taldearen garaipen erraza, 5-0 Urnietaren aurka. Golak Antton Iturain (2), Alex Mugika (2) eta Gorka Amas-ek sartu zituzten. Aitor Rubio eta Asier Garmendiak talde polita daukate aurtengorako. Bigarren taldeak ere hiru puntuak eskuratu zituen, 2-0 nagusitu zirelarik Lizeo Santo Tomas-en aurka, bi golak Pablo Salvador-ek sartu zituelarik, lehena 27 minutuan eta bigarrena 72an.

Fotos

Vídeos