Dantzaz lagundutako bisitaldia iragarri du Balenciaga Museoak datorren iganderako

Bisitaldi berezia. Dantzarien laguntzarekin egingo da. /  AMAXKAR
Bisitaldi berezia. Dantzarien laguntzarekin egingo da. / AMAXKAR

Urriko zubia dela eta, museoak musikarekin eta dantzarekin erlazionatutako jarduerak proposatzen ditu

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Cristobal Balenciaga Museoak eta Dantzaz Konpainiak, elkarrekin egindako ikerketa-prozesu bati esker, museoaren eta bisitarien arteko bitartekaritza-tresna berri bat proposatu dute. Konpainiako dantzari gazteek Vitali Safronkine dantzari eta koreografoak bildumen inguruan sortutako koreografia interpretatuko dute.

Horretarako, datorren igandean museoak eskaintzen dituen ohiko bisitaldi libreen edo iruzkinduen aurretik, dantzariek gidatutako beste bisitaldi bat egingo da hainbat espaziotan. Gidariek dantzaren lengoaia erabiliko dute Cristobal Balenciagaren figura eta lanarekin lotutako edukiak interpretatzeko.

Eguneko eguerdiko bisita programatua bisitaldi dantzatuarengatik ordezkatuko da. 12:30ean ekingo diote saioari dantzariak. Bisita hau egiteko, izena eman beharra dago museoko harrera-lekuan, bisita ordua baino lehen eta museoko sarrera erosi ondoren. Informazio gehiago jasotzeko deitu 943 00 88 40 telefono zenbakira edo idatzi info@cristobalbalenciagamuseoa.com helbide elektronikora.

Gogoan izan gaur egun bisitatu daitekeen erakusketa nagusia 'Rachel L. Mellon Collection' erakusketa dela. Rachel Lambert Mellon, Bunny izenarekin ezagutzen zena, Ipar Amerikako gizarteko XX. mendeko damarik handienetakoa izan zen eta berari Balenciagak egindako soinekoen bilduma ikus daiteke Museoari itzuli ostean.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos