Construcciones Moyua baino ez da aurkeztu Zumarte handitzeko lanak egiteko lehiaketara

Kontzertua Zumarten. / J.A.
Kontzertua Zumarten. / J.A.

Proposamen ekonomikoa 1,9 milioi eurokoa da eta obrak amaitu bitarte, beste udal lolcal batzuetan kokatuko da Zumarteren jarduera

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Ostegun arratsaldean ez-ohiko bilkura egin zuen udalba-tzak, eta Zumarte Musika Eskolaren gainean bi erabaki garrantzitsu hartu ziren: alde batetik, Zumarte birgaitzeko eta handitzeko, Construcciones Moyua SL enpresak egindako eskaintza bakar eta hortaz eskaintza ekonomiko onena bezala izendatzea erabaki zuen udalba-tzak, eta, beste alde batetik, udala eta Zumarteren arteko hitzarmena berritzea onartu zuten. Bi erabakiak aho batez onartu zituzten alderdi politiko guztiek.

2018ko martxoaren 5ean egindako ez-ohiko bilkuran onartu zen Zumarte Musika Eskola birgaitu eta handitzeko obra kontratua esleitzeko prozedura irekia. Eskaintzak aurkezteko epearen barruan, enpresa bakarra aurkeztu da, hots, Construcciones Moyua pleguetan zehazten ziren baldintza guztiak betetzen dituela egitaztatu du kontratazio mahaiak, eta, horrenbestez, hirigintza batzordeari proposatu zion Construcciones Moyuak eginiko eskaintza izendatzea eskaintza bakar eta, hortaz, eskaintza ekonomiko onena.

Hirigintza batzordeak, maiatzaren 3an egindako bilkuran, parte-hartzaile guztien aldeko bozkekin onartu zuen proposamena, eta udalbatzari gauza bera egiteko eskatu. Hain justu, udalbatzak ostegunean berretsi zuen erabakia, aho batez. Moyuak egindako proposamen ekonomikoa 1.981.000 eurokoa izan da. Kopuru horren pean egingo ditu lanak. Xabier Arregi alkateak azaldu zuenez, udalak lizitazioan eskatzen zuen aurrekontua ia guztia bete du, hau da, %0,89ko jaitsiera egin du soilik.

Bestetik, alkateak azpimarratu zuenez, gainerako baldintza guztiak bete ditu. Esaterako, langileek eraikuntzako sektorearen hitzarmen kolektibo orokorraren baldin-tzak hobetzen dituen lan-hitzarmenaren pean aritzea.

Orain, Moyuak hamar eguneko epea du dokumentazio guztia aurkezteko eta dagokion bermea ordaintzeko, hau da, adjudikazioaren % 7a (114.615,98 euro). Agiri guztiak behar bezala aurkeztu dituela egiaztatu eta gero, gaia ostera ere plenora eramango da, eta orduan hartuko da lanak esleitzeko erabakia.

Hitzarmena

Beste alde batetik, Udala eta Zumarte Musika Eskolaren arteko hitzarmenari argi berdea eman zaio. Hain zuzen, 2014eko apirilaren 15ean sinatu zuten bi aldeek hitzarmena, lau urteko iraupenarekin. Aldi hori igarota, berritzea tokatzen da, eta, hain justu, horixe izan da osteguneko saioan onartu zena.

Hitzarmen honen helburua bikoitza da. Udalari dagokionez, arautu egiten du diru-laguntza erregimena eta prekarioaz utziko dizkion lokalen erabilera. Zumarteri dagokionez, konpromisoa hartzen du Usurbilen musika-irakaskuntza sustatzea. Hitzarmenaren iraupena Zumarte Musika Eskolaren egoitzaren obrak amaitu eta ekipatu ondoren erabiltzen hasten den artekoa izango da. 2019-2020ko ikasturtea aurreikusten da. Hitzarmena, luza daiteke; edonola ere, iraupena gehienez ere lau urtekoa izango da.

Hala, udalak konpromisoa hartzen du urtero Zumarteri 50.000 euro emateko: gehienez ere, bere aurrekontuaren % 33 da kopuru hori. Gainerakoa Eusko Jaurlaritzak (% 33) eta ikasleen matrikulaziotik ( %33) jasotzen du. Horiek dira bere diru-iturriak. Hitzarmenean zehazten denez, ez da gain-finantzaketarik izango, eta hala gertatuko balitz, diru-laguntza murriztu egingo litzateke.

Obrak amaitu bitarte, beste udal-lokal batzuetan kokatu da Zumarteren jarduera.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos