Buruntzaldeko Ibilbideen X. Eguna urriaren 8an izango da

Urnietako udaletxean egin zuten ekimen honen aurkezpena.

Kirola egiteko eta eskualdea ezagutzeko antolatzen den ekitaldia da

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Buruntzaldeko udalek antolatuta, urriaren 8an, Buruntzaldeko Ibilbideen X. Eguna ospatuko da, 8:30etik 14:00etara. Horrekin Buruntzaldeko Ibilbideak proiektua, lehiatzeko ez den eta edozein publiko motarentzat egokia den kirola egiteko eta eskualdea bera eta bere landa-ingurune naturala ezagutzeko aukera ematen duena, sustatuko da. Bost ibilbide ezberdin daude aukeran. Guztiak, landako paisaiatik barrena paseoaz gozatzeko, belardiak eta basoak zeharkatuz eta baserri, baseliza, karobi eta natura nahiz kultura aldetik interesgarriak diren beste leku batzuetara hurbilduz.

Herrietan ibilbide-zati bakoitzaren inguruko trazatuak, profilak eta distantziak erakusten dituzten panelak, eta norabideak eta distantziak markatzen dituzten geziak eta zuinak daude. Seinale horiek guztiak udalerri bakoitzaren identifikazio-koloreak aintzat hartuz ipinita daude (Lasarte-Oria: urre zaharra; Urnieta: berdea; Usurbil: laranja; eta Andoain: urdina); hala, seinale bat bidean ikusten dugunean zein ibilbidetan dauden jakingo da. Aurtengo edizio honetan ere bost ibilbide egiteko aukera izango da: Andoain-Lasarte-Oria, Andoain-Urnieta, Andoain-Usurbil, Lasarte-Oria-Urnieta eta Lasarte-Oria-Usurbil.

Ibilbideak

Zehazki esanda aukeran dauden ibilbideak ondoko hauek dira: urdina eta urre zaharra: Andoain-Lasarte-Oria. 7,9 kilometroko luzera du; oinez soilik egin daiteke eta mendiko oinetakoak beharrezkoak dira. Ibilbide honek bi aukera eskaintzen ditu: bat Buruntza mendiko gailurra eginez, San Roke ermitatik barrena, eta bestea Burun-tza mendia gerritik inguratuz. Urdina eta berdea: Andoain-Urnieta. 4,8 kilometroko luzera du; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoak beharrezkoak dira.

Urdina eta laranja: Andoain-Usurbil. 14,9 kilometroko luzera du (luzeena da); oinez egitea gomenda-tzen da eta mendiko oinetakoa beharrezkoa da. Urre zaharra eta berdea: Lasarte-Oria-Urnieta. 3,9 km-ko luzera du; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoak beharrezkoak dira. Urre zaharra eta laranja: Lasarte Oria-Usurbil-Aginaga. 9 kilometroko luzera du (Santuenea auzotik barrena Aginagako Mapil ingururaino); oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.

Kontrolgune desberdinak

Goizeko 8:30etik 14:00ak bitartean ibilbide desberdinak egiteko aukera izango da. Herri bakoitzean kontrolgune bat egongo da, Usurbilen bi, argibideak eman eta mokaduak eta edatekoak banatzeko. Usurbilen Santueneako auzoan, Zorrotzeko zubiaren parean eta Aginaga auzoan, Mapil baserriaren ondoan egongo dira kontrolak; Andoainen, udaletxe azpian; Lasarte-Orian, San Pedro elizaren ondoko plazan eta Urnietan, udaletxe azpian.

Partaide bakoitzari abiatzen denean txartel bat emango zaio, abiatzen den lekuko zigiluarekin; partaide batek bi ibilbide eginez gero, egunaren oroigarria den pontxo-txubaskero bat jasoko du opari. Salbuespena Andoain-Usurbil ibilbidea da, bietako edozein norabidean eginez gero lortuko baitu oroigarria.

Bukaeran autobus zerbitzua izango da norbera abiatu den herrira bueltatzeko; zerbitzu hau erabiltzeko, derrigor, hasieran jasotako txartela zigilatua aurkeztu beharko da. Aginaga (Ezpaldiko gasolindegia), Usurbil (San Inazio errotondan), Lasarte-Oria (Dorretxeko biribilgunean, Andoain (Goiko plazaren atzealdean) eta Urnieta (Kiosko geltokian) izango da autobusaren ibilbidea eta 12:00etan, 13:00etan eta 14:00etan irtengo da autobusa Aginagatik. 7 minuturen ondoren Usurbilen izango da eta 15 minutuko tartean gainontzeko geltoki bakoitzean geldialdia egingo du.

Fotos

Vídeos