Buruntzaldeako txoko desberdinak ezagutzeko aukera egongo da igandean

Oria ibaiaren inguruko bazterrak ezagutzeko aukera izango da. / J.A.

Herrietan ibilbide-zati bakoitzaren inguruko trazatuak, profilak eta distantziak erakusten dituzten panelak daude

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Etzi, Buruntzaldeako Ibilbideen 10. Egunean parte hartzeko aukera izango da. Ekimen honi esker, lehiatzeko ez den eta edozein publiko motarentzat egokia den kirola egiteko eta Buruntzaldea eskualdeko eta bere landa-ingurune naturala ezagutzeko aukera dago. Bidezidor eta bide ezberdinak egongo dira (bost ibilbide ezberdin daude aukeran), landako paisaiatik barrena paseoez gozatzeko, belardiak eta basoak zeharkatuz eta baserri, baseliza, karobi eta, natura nahiz kultura aldetik, interesgarriak diren beste leku batzuetara hurbilduz.

Herrietan ibilbide-zati bakoitzaren inguruko trazatuak, profilak eta distantziak erakusten dituzten panelak daude, bideetan, berriz, norabideak eta distantziak markatzen dituzten geziak eta zuinak. Seinale horiek guztiak udalerri bakoitzaren identifikazio-koloreak aintzat hartuz ipinita daude (Lasarte-Oria, urre zaharra; Urnieta, berdea; Usurbil, laranja; eta Andoain, urdina), hala, seinale bat bidean ikusten denean zein ibilbidetan gauden jakingo da.

Ibilbide desberdinak

Zehazki esanda aukeran dauden ibilbideak ondoko hauek dira: Urdina eta urre zaharra: Andoain-Lasarte-Oria. 7,9 kilometroko luzera du; oinez soilik egin daiteke eta mendiko oinetakoak beharrezkoak dira. Ibilbide honek bi aukera eskaintzen ditu: bat Buruntza mendiko gailurra eginez, San Roke ermitatik barrena, eta bestea Buruntza mendia gerritik inguratuz. Urdina eta berdea: Andoain-Urnieta. 4,8 kilometroko luzera du; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoak beharrezkoak dira. Urdina eta laranja: Andoain-Usurbil. 14,9 km-ko luzera du (luzeena da); oinez egitea gomendatzen da eta mendiko oinetakoa beharrezkoa da. Urre zaharra eta berdea: Lasarte-Oria-Urnieta. 3,9 km-ko luzera du; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoak beharrezkoak dira. Urre zaharra eta laranja: Lasarte Oria-Usurbil-Aginaga. 9 km-ko luzera du (Santuenea auzotik barrena Aginagako Mapil ingururaino); oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.

Goizeko 8:30etatik 14:00ak bitartean ibilbide desberdinak egiteko aukera izango da. Herri bakoitzean kontrolgune bat egongo da, Usurbilen bi, argibideak eman eta mokaduak eta edatekoak banatzeko. Usurbilen Santueneako auzoan, Zorrotzeko zubiaren parean eta Aginaga auzoan, Mapil baserriaren ondoan egongo dira kontrolak; Andoainen, udaletxe azpian; Lasarte-Orian, San Pedro elizaren ondoko plazan eta Urnietan, udaletxe azpian. Partaide bakoitzari abiatzen denean txartel bat emango zaio, abiatzen den lekuko zigiluarekin; partaide batek bi ibilbide eginez gero, egunaren oroigarria den pontxo-txubaskero bat jasoko du opari. Salbuespena Andoain-Usurbil ibilbidea da, bietako edozein norabidean eginez gero lortuko baitu oroigarria.

Bukaeran autobus zerbitzua izango da norbera abiatu den herrira bueltatzeko; zerbitzu hau erabiltzeko, derrigor, hasieran jasotako txartela zigilatua aurkeztu beharko da. Aginaga (Ezpaldiko gasolindegia), Usurbil (San Inazio errotondan), Lasarte-Oria (Dorretxeko biribilgunean, Andoain (Goiko plazaren atzealdean) eta Urnieta (Kiosko geltokian) izango da autobusaren ibilbidea eta 12:00etan, 13:00etan eta 14:00etan irtengo da autobusa Aginagatik. 7 minuturen ondoren Usurbilen izango da eta 15 minutuko tartean gainontzeko geltoki bakoitzean geldialdia egingo du.

Fotos

Vídeos