'Black Week' kanpaina gaurtik aurrera herriko bederatzi saltokitan

Low Riders taldeko kideak. / MICHELENA
Low Riders taldeko kideak. / MICHELENA

Arkupe elkarteak antolatzen du Udalaren laguntzarekin, eta gaurtik abenduaren 1era luzatuko da

DV ORIO.

Gaur abiatuko du Arkupe elkarteak aurtengo 'Black Week' (Aste Beltza) kanpaina, Udalaren laguntzarekin. Gaurtik abenduaren 1a bitartean deskontuak eta zozketak egingo dituzte Arkupeko dendetan.

'Black Friday' (Ostiral Beltza) Estatu Batuetako tradizio bat da, alabaina, beste asko bezala, pixkanaka mundu osoan zabaltzen ari da. Azaroko azken ostiralean eskaintza bereziak eta deskontuak egiten dituzte denda askotan. Orion, beste toki askotan bezala, aste osokoa bihurtu dute kanpaina.

Eskaintza bereziak

Eskaintza bereziak eta deskontuak egiteaz gain, Arkupek bi kontzertu ere antolatu ditu: bat, kanpainaren hasieran, gaur bertan, Frank Blackfield taldeak zuzeneko musika eskainiko du Antilla tabernaren aurreko plazatxoan. Bigarren kontzertua abenduaren 1ean izango da, Low Riders talde zarauztarraren kontzertuarekin Endaia plazan, eta era berean, egun horretan txistulari taldeak herriko kaleak alaituko ditu arratsalde partean.

Aste Beltzaren kanpainan herriko ondorengo bederatzi establezimenduk hartuko dute parte: Lizaso dekorazioa, Uranga burdindegia, Izarra etxetresna elektrikoak, Rosana argazki estudioa, Orio hizkuntzak, Egarmendia aholkularitza, Olariaga aholkularitza, Expo elektrizitatea eta Zipristin inprimategia. Denda eta establezimendu horiek aste osoan zehar deskontu eta eskaintza bereziak izango dituzte. Dioten bezala, «batere konpromisurik gabe. Edonor etorri daiteke galdezka, informazio bila. Guk, gure eskaintzak adieraziko ditugu, gero bakoitzaren erabakia izango da erosi edo ez». Gainera, establezimendu horietan erosketaren bat egiten dutenen bezeroen artean 300 eurotakoa opari balea zozketatuko du Arkupek.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos