Bidegorria amaitzearen aldeko martxa egingo da bihar

Hainbat herritarrek bat egin dute aldarrikapen honekin. /  K.A.
Hainbat herritarrek bat egin dute aldarrikapen honekin. / K.A.

Ekitaldia amaitu ostean festatxoa izango da Arroabean

K.ARRIZABALAGA ZESTOA.

Iraetatik Narrondora doan zatiko bidegorria amaitzea eskatzeko martxa antolatu da, bihar, larunbata, gauzatuko dena. Zati hau behingoz gauzatu ezkero Legazpi eta Zumaia arteko ibilbide osoa bide honetatik egin ahal izango da, bizikletaz, oinez edo korrika, horrek dakarren segurtasuna eta erakargarritasun turistikoa tarteko.

Martxa erreibindikatibo honek bi zutabe edo irteera puntu izango ditu. Lehenengoa Lasaotik abiatuko da 10:30ean, ondoren Zestoa eta Iraetatik pasa eta Arroabeko autopistako biribilguneraino joateko. Bigarren zutabea, berriz, Zumaiako beheko plazatik abiatuko da, 11:30ean, eta Narrondo eta Arroabetik igaro ondoren autopistako biribilgunean elkartuko da Lasaotik datorren zutabearekin.

Bi zutabe hauek elkartu ostean, 12:30ean, ekitaldia egingo da Arroako autopistako biribilgunean, eta segidan festa izango da Arroan, musika eta pintxoekin, besteak beste.

Barbantxo

Gaur, Barbantxo Aisialdi taldea Aizarnan eta Zestoan arituko da. Aizarnan, 17:00etan, Kultur Etxean izango dute haurrek zita, eta Zestoan, ere ordu berean, Kultur Etxeko balioanitzeko gelan.

Barbantxo haurren heziketan eragin nahi duen aisialdi taldea da. Jolasaren bitartez, haurren arteko harremanak sustatu nahi ditu, euskararen erabilera indartu nahi du, haurrei taldean integratzen lagundu, naturarekiko errespetua sustatu...

Auzoetan, 3-12 urte bitarteko haurrei zuzendutako ekintzak antolatzen dituzte. Zestoako saioak, aldiz, 6-9 urte bitartekoentzat izaten dira.

Fotos

Vídeos