Berrikuntzekin dator gaur Errezilgo V. Sagardo txapelketa

ELI AIZPURU ERREZIL.

Dena prest da Errezilen, bosgarrenez, bertako Sagardo Txapelketa hartzeko. Gaztetandik Kultur Elkarteak antolatuta, herriko baserrietan egindako sagardoa dastatzeko eta erakusteko ospatzen den ekitaldia. Aurtengoan hamaika baserritarrek hartuko dute parte lehiaketan, «urtean joan eta etorri beren etxeetan sagardoa egiten dihardutenak», azaldu dute kultur elkartetik. Beraz, ez da herriko giroa faltako, hala ere, antolatzaileen esanetan, «kanpotar sagardozale ugari» gerturatzen da Errezilgo sagardoa probatzera. 20:00etan hasiko da txapelketa eta 10:30ean ingurura arte iraungo du sagardo festak.

Herritarren saria

Aurtengoan gainera, berrikuntza nabarmenekin dator. Alde batetik, kokapena. Izan ere, «eguraldia ona bada» frontoian egin beharrean, goiko aldean, dantzalekuan edo pilotalekukan, izango da.

Ohi bezala, epaile lanetan hiru aditu ariko dira, mahaitik mahaira, baserri bakoitzeko sagardoak dastatzen, eta onenarentzat izango dira txapela eta garaikurra. Hala ere, oraingo honetan, bertarazen den jendeak ere aukera izango du bere aukeraketa egiteko. Sarrerarekin batera sagardorik gustukoena bozkatzeko aukera izango dute. Eta jendearen gustukoenak ere izango du saria.

Horrez gainera, behin 10 euroko sarrera ordainduta, sagardoaz gain nahikoa pintxo dastatzeko aukera ere izango da eta «postrea eta kafea ere izango dira», aurreratu dute antolatzaileek.

Gaztetandik kultur elkarteko kideek gonbitea luzatzen diete bai errezildarrei eta baita inguruko sagardozaleei ere txapelketara hurbil daitezen. «Aukera paregabea da inguratzen diren guztientzat Errezilgo baserritan egindako sagardoa probatzeko ta ezagutzeko», adierazi dute.

Fotos

Vídeos