Bejondeizula Haimar Zubeldia!

Joseba anaiak Egañaren bertsoa kantatu zion atzoko omenaldian Haimar Zubeldiari. /  ARGAZKIAK J.A.
Joseba anaiak Egañaren bertsoa kantatu zion atzoko omenaldian Haimar Zubeldiari. / ARGAZKIAK J.A.

JOSU ARANBERRI USURBIL.

«Uau... Ez dakit honelako omenaldi polit bat merezi nuen, jaso egin du behintzat eta usurbildar izanda eta usurbildar sentituta hemen herri guztia ikustea bihotzera hailegatzen den zerbait da». Honelaxe laburbildu zuen atzo Haimar Zubeldiak atzo eguerdian herriko pilotalekuan jaso zuen omenaldia.

20 urte baino gehiagoren ostean txirrindularitza utzi ostean, herriak, lagunek, koadrilakoek, grupetakoek, senitartekoek, ezagunek... omenaldi «hunkigarri bezain beroa» eskaini zioten atzo txirrindulari usurbildarrari. Txirrindulari diot, belaunaldi askorentzat beti izango baita Haimar herriko txirrindulari maitatua. Joseba anaiak mailot horia jantzi zionean eta koadrilakoak dituen haur-gaztetako txirrindulari kideek jarritako txapela buruan zuela, berak esana da, «nire bizitzan ez ditut asko izan, baina mailot hori hau betirako jantzita eramango dut zuei esker».

Polita izan zen atzo Haimar Zubeldiak jaso zuen urte askotako merezitako aitorpena. Bertsoak, bideoak, opariak, lehengusuek eskainitako 'Agur' modernoa... denetik izan zen Haimarrek urteetan zehar jantzitako mailot desberdinez atonduta zegoen oholtzan egin zen atzoko ekitaldian. Porrotx pailazoak ere, bere oparia eman zion Haimarri, herriko haurrekin batera 'Asko maite zaitut' abestia kantatu eta dantzatu ostean.

Hala ere, goizetik hasi ziren omenaldiko ekimenak. Haimarrekin mendiko bizikletaz Andatza aldera buelta egitera animatu zirenak ugari izan ziren, baita ondoren txirrinda ibilbide girotua egitera animatu zirenak ere. Lanean ere jarri zuten atzoko protagonista, firmak botatzen eta Haimar taldeko kideek ere, txirrindularitza utzi ostean, hemendik aurrera beraiekin batera egotera gonbidatu zuten urte hauetako Tourreko Pirinioetako irteeretako bizipenen berri ematerakoan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos