Babarrunarekin eta sagardoarekin Santo Tomas azoka igande honetan

Santo Tomas azokan sagardoa protagonista izango da.
/ARANBERRI
Santo Tomas azokan sagardoa protagonista izango da. / ARANBERRI

Beste behin ere herrian hain preziatuak diren bertako bi produkturen lehiaketa egingo da

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Noaua! Kultur Elkarteak, Udalaren laguntzaz antolatuta, Santo Tomas azoka antolatu du herriko pilotalekuan igande honetan. Santo Tomas egunaren bezperan, beraz, festa giroa izango da nagusi . Beste behin ere herrian hain preziatuak diren bertako bi produkturen lehiaketa egingo da, sagardoa eta babarruna, eta herriko sagardogileen sagardoa probatzearekin batera txistorra eta taloa jateko aukera ere izango da.

Izan ere, goizean zehar festa giroa izango da nagusi herriko pilotaleku inguruan. Alde batetik txistorra eta taloa egongo dira salgai eta, lehiaketan parte hartuko duten sagardo ekoizleen sagardoak probatzeko aukera ere izango da bertan egongo diren postuetan.

Horrez gain, postu desberdinak ere topatuko dituzte bertaratzen diren guztiek: Noaua! Kultur Elkartearena, Udarregi ikastolako ikasleena, Etumeta AEK euskaltegiarena, herriko ekoizleena, etab. Lehiaketan parte hartzen duten barrunak ere ikusgai izango dira beste behin ere.

Goizeko 11:00etan izango da azokaren irekiera eta hortik aurrera postu desberdinetatik pasatzeko aukera izango da. 12:30ean Ixabel Agirresaroberen ipuin kontaketa saioa izango da, 4 eta 10 urte arteko umeentzat 'Neguko zopa' ipuina kontatuko duelarik. Arratsaldeko 13:15ak aldera, Nafartarrak taldeak Zuberoako ikastolak laguntzeko antolatu duen elkartasun kanpainaren amaierako ekitaldia egingo da.

Hala ere, babarrun eta sagardo lehiaketak izan ohi dira Santo Tomas azoka honetako bereizgarri nagusiak eta aurten ere ez dute hutsik egingo. Hainbat babarrun eta sagardo ekoizle animatu dira aurreko urteetan bezala bi lehiaketetara.

Etxean edo baserrietan egiten den sagardoak izango dira guztiak, herriko ekoizle txikienak. Izan ere, sagardotegiak ez dira sartzen lehiaketa honetan. Iaz, Zubietako Zelaieta etxeko Juan Zuriarrainen sagardoa izan zen onena epaimahaiaren iritziz. 2. postua Izeta anaien sagardoak eskuratu zuen eta Aginagako Gorostidi baserriarentzat 3. postua.

Babarrun lehiaketari dagokionez, parte hartzaile bakoitzak kilo bat babarrun aurkezten du eta lehiaketan, ezaugarri hauek hartuko dira kontuan. Itxura: osorik edo hautsita dagoen, zimurrak. Kolorea: zenbat eta beltzagoa orduan eta hobeagoa. Berdintasuna: tamainaz, kolorez. elkarren berdinak izatea. Dizdira: berezko dizdira beste edozein produkturekin (olio, abrilantadore estali edo aldatua izan bada lehiaketatik kanpo utziko da). Eta garbitasuna: partikula arrotzik ez izatea. Iaz, Aginagako Ibai Ertz etxeko Manuel Aizpuruak eskuratu zuen txapela. Bigarren saria Olarri baserriko Joxe Kruz Matxainen babarrunarentzat izan zen eta hirugarren postua, berriz, Izarpe-Etxeko babarrunarentzat.

Sariak hauexek izango dira bi lehiaketetan: 1. saria: 150 euro eta txapela, 2. saria: 90 euro eta 3. saria 50 euro.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos