Kepa Urbieta: «Zinea herritar guztiengana eraman nahi dugu, baita zailtasunak dituztenengana ere»

Zinemazaletasuna sustatzea eta bizia ematea da taldearen helburua./EA.
Zinemazaletasuna sustatzea eta bizia ematea da taldearen helburua. / EA.
Kepa Urbieta, zine proiektuko koordinatzailea

Soreasuko proiektua zinemaren ikuspuntutik dinamizatzen buru-belarri dabil

ALEX SILVAAZPEITIA.

Zinea ez dabil goreneko momentuetan ohitura eta ikusleei dagokionez. Ezta Azpeitian ere. Baina herriko kultur mugimenduak bere baitan zinema ere hartu du. Soreasu dinamizatzeko eta kudea-tzeko ardura hartu zuen lehiaketa bidez Kulturaz kooperatibak orain urte batzuk, eta horretan dabiltza. Kooperatibaren beraren DNAn doan moduan, lana ez dabiltza bakarrik egiten. Elkarlana aurrera egiteko modu egokiena dela deritzo Kepa Urbietak, eta zinema arloan ere horrela ari dira. UPV-EHUko ikastaroetan ere garbi azaldu zieten, Urbietak dioenez, inoiz egon den zinema kontsumorik kaxkarrenean gaudela, aretoei dagokionez. Zinema kon-tsumitzeko aukerak asko merketu eta ugaritu dira, kontsumo ohitura eta moduak ere aldatu dira, eta horrek ez dio zinema areto munduari mesederik egin. Azpeitikoan 11.000 lagun izan ziren 2016an, duen edukierarako, oso baxua.

Kultur arloan duten sarea eta herritarrekin lankidetzan aurrera doaz ordea, izan MendiTour sokaitz eta lagun Onak mendizale elkartearekin, izan Baigerarekin, zineklubarekin, San Martin egoitza, izan Gaztetxea... Kultura eta zinea elkarlanerako tresna eta bidea badela azaltzen du Urbietak.

-Zer nolako etorkizuna du zineak Azpeitian?

-Soreasu hartu genuenean bagenekien nolakoa zen egoera. Etorkizuna ez da oso argia, baina badira aukerak. Guretzat positiboa da herritarrengana zinea gerturatzeko aukera oro. Zinema komertziala gainditu eta beste aukerak zabaltzen ari gara. Orain oso sala polita dugu, gure tamainako herri bakarra izan gara ia 10 urtez zinema aretorik egon dena, horrek isla du gaur eguneko ohituran oraindik.

-Konkretuki, zer egin duzue?

-Ba esaterako euskal produkzioa %100an babestu dugu. Azken urteetan euskaraz ekoitzi edota bikoiztu diren filma guztiak ekarri ditugu. Azpidatziekin ere ari gara lanean euskararen presentzia zineman areagotzeko. Gauza txiki asko, zaila da zerrendatzea.

-Zinekluba ere...

-Bai, hori ere ahalegin handia izan da. Lana elkarrekin egin behar dugu, hori gure kooperatibaren muina da, eta honetan ere ari gara. Zinekluba berritu egin da jende berriarekin. Orain 'Paradisu zinem'» izenarekin ari gara jende desberdinarekin elkarlanean. Ez da erraza gaia. Zineklubetan landu ohi den zine motak tiradizoa galdu du, formulak probatzen ari gara horri buelta emateko, orain urte batzuk aretoan jende asko biltzen zen horrelakoetan. Baina ez da gure arazoa bakarrik, beste herrietan ere horrela dabiltza, nahiz eta hori ez izan kontsueloa.

-Geldirik ez zaudete beraz.

-Ez, proiektu txikiak badaude. Esaterako Creative Commons lizentzia azaldu genuen eta horren inguruan ere jaialdia egin genuen. Ez da erraza horrelakoak antolatzea, baina egiten ditugu. Jendearen proposamenetara ere zabal-zabalik gaude. Gauzak eskatzen dizkigutenean aztertu eta ahal den neurrian agiten ditugu; film bat izan, proiektu landuagoa edo epe luzerako proposamena.

-Zinegileak ere etorri dira.

-Bai, ahalegintzen gara bertako produkzioei babesa ematen. Ekoizle, zuzendari edota aktoreak ekartzeak sekulako estatusa ematen dio proiekzioari, eta jendeari ere gehigarri polita eskaintzen diogula sinetsita gaude. Ez dakit egiten dugun ahalegina guztiz baloratzen den, baina herriko aretotik zinemagile garrantzitsuak pasatu dira, hori beraiei ere eskertu behar diegu.

-Herrian ere ekoitzi dira obrak.

-Bai. Aurten betetzen dira 30 urte herriko zinemagileek 'Mateo Txistu' ekoitzi zutela. Data berezia da, eta ez genuen pasatzen laga nahi. Aurreko zineklubeko filma zen eta aurreko kideen lana; orain hori digitalizatu eta berriro eskaintzea pentsatu dugu. Horrekin, nolabait aitormena ere egin nahiko genioke. Azoka Herritik programazioaren barnean joango da eta Agustin Arenas egileak bere azalpenak emango ditu proiekzioan.

-Herritar guztientzako zabalik dago zinema aretoa?

-Guk ateak denentzat zabalik ditugu, baina badakigu ez dela erraza eta denak ezin direla gerturatu. Hor badugu lantzeko bidea, eta ahalegin-tzen gara. Esaterako Baigerako bazkideei prezio murriztuan eskaintzen diegu zinea eta zinema zinetik at proiektua ere hortxe dugu. San Martin egoitzarekin batera landu dugun proiektua da, urtean zehar egoitzan duten programazioan txertatzen da zinea eta bertako aretoan eskaintzen da denentzako zabalik. Egoitzan aukeratzen dute filma eta emanaldia erabiltzen dute zenbait gai lantzeko. Esaterako altzeimerra, zahartzaroa, egoiliarren bizitza... lantzen duten filmak eskaini ditugu momentuz. Era horretan Soreasura etorri ezin daitezkeen pertsonei eskaintzen diegu zinea eta sozializatzeko modua da. Bertara eraman izan ditugu egileak, eta hori asko eskertzen dute egoiliarrek. Dena den, polita da horrelako ekimenean jende ugari ikustea eta emanaldian jende asko biltzea.

-Zinea zinetik at bai, kalean ere?

-Bai, aire-libreko zinea oso gustuko dugu. Bagenuen Soreasuko pantaila bat kalean kokatzeko modukoa eta orain arte plazan egin izan ditugu emanaldiak, baina herrian badira beste txoko batzuk zinea ikusteko oso aproposak izan daitezkeenak, eta hori landu nahi dugu. Noski, aire-libreko zinemak dituen arrisku guztiekin, eguraldia, lekua, soinua...

-Zinema ez da ordea luzemetraia bakarrik...

-Ez, film laburrekin zerbait egin nahi dugu. Gogoa dugu, baina ikusi behar dugu zein den forma egokiena, lehiaketa eta emanaldia... Etorriko dira sorpresak. Zineak berak behar du bultzada bat arlo guztietan, baita komunikatiboan. Esaterako karteleren atzetik ere bagabiltza.

Fotos

Vídeos