45 urte beteko ditu aurten Santio Eguneko Sagardo Txapelketak

Aurkezpena. Antolatzaileak, Udaleko ordezkariak eta Laxaro Azkune kazetaria eta idazlea. / E.A.

Urteurrenaren harira, 'Azpeitia eta Sagardoa' liburua idatzi du Laxaro Azkunek eta bihar, zapatua, 12:00etan aurkeztuko da. Berezia izango da beraz ospakizuna eta sagardo txapelketa bakarra izango da

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Aurten ere, Santio egunez, festa egun handia izango da Azpeitian. Ekitaldi zerrenda luzearen barruan, eguerdi partean nagusi izango da Goikabi, Landeta eta Loiolatxo elkarteek Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearekin batera eta Udalaren babesarekin antolatutako Azpeitiko Sagardo Txapelketa. Berezia izango da gainera. Izan ere, Sagardo Txapelketa hau jarraian antolatzen den 45. urteurrena beteko da. «Aurrez ere antolatua izan da, 52 edo 53 urtean baina jarraian zifra biribila beteko du aurten», azpimarratu zuen asteazken iluntzean Añota sagardotegian egindako aurkezpen ekitaldian Sebastian Lizaso antola-tzaileak.

Ez da urteurreneko ospakizuna izango berezitasun bakarra. Izan ere, aurtengo edizioan txapelketa bakarra izango da. Orain arte bi lehia izan ohi ziren, bata epaimahaiak emandako sari nagusia eta elkarteena edo herritarrena, bestea. «Sagardozaleek sagardo desberdinak elkartzen zituztelako ipini ziren bi lehia. Kostata, baino lortu da sagardo denak berdinak ekartzea», azaldu zuen Lizasok.

Lehiaketako beste baldintzetako bat izango da sagardoetxe bakoitzak «gutxienez etxeko banatzaile bat» ekarri beharko duela. «Bi etortzen badira, hobe». 23 sagardogile izango dira lehian, «arkupe bakoitzeko bat».

Hiru euroren truke edalontzia salduko da eta «nahi adina» sagardo edateko aukera emango dio horrek erosleari.

Saria ere, berezia

Lehiaketaren data ospatzeko banatuko diren sariak ere bereziak izango dira aurten. Mikel San Juan tailagile azpeitiarrak egin ditu, eta «herritarrentzat esanahi handia dute». Egurrean tailatutako esku bat botilatik sagardoa ateratzen eta beste bat edalontziarekin sagardoa jaso-tzeko prest irudikatu ditu, plazako kiosko atzean. Txapela estreinakoak eta oroigarri bana eramango dute lehen hiru sailkatuek, tamaina desberdinetan.

Sagardo lehiaketarekin batera, eskualde mailako arraza desberdinen ganadu erakusketa egingo da. 44 buru ikusteko aukera izango da.

XVIV. Gazta Lehiaketa ere izango da. Idiazabal jatorri deituraren barne dagoen artzain gaztak hartuko du parte eta 28 artzain izango dira lehian. Udal ordezkariek aurreratu dutenez, gazta txapelketa azoka plaza eraberrituan egingo da.

Ohi bezala, txekor errea eta hegaluze pintxoak ere jarriko dira salgai. Pintxo bakoitza bi eurotan salduko da eta bildutako dirua garapen bidean dauden herrialdeetan proiektuak laguntzeko izango da beste behin.

Gipuzkoako Sagardozale elkarteko kide Olatz Mitxelena ere bertan izan zen eta 45. urteurren hau dela eta, aurten III. Euskal Herriko Sagardo Txapelketaren finala Azpeitian izango dela aurreratu zuen. «Azpeitian topatu dugu gure txapelketari forma eman dion talde oso potente bat». ISB tabernan, Añota Sagardotegian eta Santio Egunean bertan, plazan, izango dira txartelak salgai.

Urteurren bereziari, liburua

45 urte data berezia da. Hori dela eta, 'Azpeitia eta Sagardoa' liburua idatzi du Laxaro Azkunek, Juan Jose Agirreren argazkiekin. Bihar, zapatua, aurkeztuko da udal areto nagusian, 12:00etan. Ekitaldi irekia izango da. Salgai izango da bihar liburua eta baita Santio Egunean ere.

Fotos

Vídeos