Urola Erdiko trikitiaren historian oinarritzen den hitzaldi zikloa antolatu du Trikigirok

Trikitia bultzatzea du helburu Trikigiro elkarteak. / E.A.
Trikitia bultzatzea du helburu Trikigiro elkarteak. / E.A.

Asteartean, hilaren 14an, hasiko da eta hiru saio izango dira guztira

E.A. AZPEITIA.

Urola Erdiko trikitiaren historia «ezagutzera emateko eta aurrera begira trikitizaletasuna zabaltzeko» helburuarekin hitzaldi zikloa antolatu du Trikigiro elkarteak. Honela, asteartean, hilak 14, ekingo diote Urola Erdiko trikitiaren historian oinarritzen den hitzaldi zikloari. Sanagustin kulturgunean izango dira, 19:00etan hasita.

'Trikitixaren euskalduntzea 70eko hamarkadan: Urola Erdiko trikitixaren ekarpena euskal kulturan' izenburupean burutuko da lehen saioa, asteartekoa. Euskal kulturaren berpizkundean trikitilariek jokatutako papera aztertuko dute Joxe Mari Iriondo, Joseba Tapia eta Iñigo Aranbarri adituek.

Hilaren 21an izango da hurrengo saioa. 'Urola Erdiko Trikitixa Datutan' aztertuko dute Urola Erdiko Trikitixaren inguruko ikerketa bat ardatz hartuta. Irati Arangurenek bailarako trikitilarien lehen datu base bat aurkeztuko du, eta LaxaroAzkunek, gaur gaurkoz dokumentatu dauden erromeria plazen inguruko hi-tzaldia eskainiko du. Azkenik, Haritz Garmendiak, Urola Erdiko trikitilariek trikiti txapelketetan izan duten presentziaren inguruan hi-tzaldia emango du.

'Urola Erdiko Trikitixaren Eragina gaur egungo trikitilariengan' izango da hirugarren eta azken saioa, hilaren 28an. Trikitixaren oraina eta etorkizunaz hitz egingo dute. Bertan parte hartuko dute Josu Arrizabalaga 'Izer', Xabier Etxaniz eta Huntza Taldeko Josune Arakistainek. Alex Arzelusek gidatuko du saioa.

Fotos

Vídeos