Udalak Kataluiniari babesa adierazteko bi mozio onartu ditu

E.A. AZPEITIA.

Astearte iluntzean bildu ziren udal ordezkariak azaroko ohiko udalbatzan. Besteak beste, Kataluiniari babesa adierazteko mozioa aurkeztu zuten bi alderdiek. Eneko Etxeberria alkateak esan zuenez, bi mozioak «eduki desberdinekoak» zirenez, bozkatu zituzten biak. Onartuak izan ziren. EH Bilduk aurkeztutakok Udal Gobernuko hamar kideren eta EAJren bi zinegotziren aldeko botoekin (gainerako bost zinegotzi jeltzaleak abstenitu egin ziren). EAJk aurkeztutakoa, berriz, aho batez onartua izan zen.

Hona hemen EH Bilduk aurkeztutako mozioa: «Azpeitiko Udalak aitortza, errespetua eta afektua erakutsi nahi dizkio Kataluniako errepublikari. Exijitzen du Kataluniako herritarren borondatea errespetatzeko; behin eta berriro hautestontzietan, modu demokratikoan, adierazi dutena. Zorionak ematen dizkie Kataluniako herritarrei, gizarte eragileei, erakundeei eta alderdi politikoei. Eta modu berezian azken urteetan Giza Eskubideak, bakea, demokrazia eta askatasuna defendatuz izugarrizko ausardia eta konpromisoa erakutsi duten hautetsi guztiei. Eredu dira guretzat», diote.

«Eskatzen du, libre uzteko berehala Generalitateko agintari legitimo diren Oriol Junqueras presidenteordea, Jordi Turull, Josep Rull, Raul Romeva, Joaquim Forn, Carles Mundo, Santi Vila, Dolors Bassa eta Meritxell Borras. Jordi Sanchezek eta Jordi Cruixartek ere kalean behar dute. Horiez gain, Carles Puigdemont lehendakariaren eta Antoni Comin, Clara Ponsati, Meritxell Serret eta Lluis Puig kontseilarien aurkako neurririk ez hartzeko ere eskatzen du. Aldarrikatzen du Estaturik gabeko nazio guztiek beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea. Horregatik, eskatu nahi die euskal alderdi politikoei akordio batera iris daitezela eskubide hori legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren autogobernu ponentzian jasotzeko. Adierazpen hau Kataluniako Generalitatera, Kataluniako Parlamentera eta Kataluniako Independentziaren aldeko udalerrien elkartera (AMI) igorriko du Udalak».

Honakoa da EAJk aukeztutako mozioa: «Azpeitiko Udalak, Parlament-ak pasa den urriaren 27ko bilkuran, Catalunyaren burujabetasuna eta prozedura eratzaileari buruz hartutako erabakiak, errespetatzen eta laguntzen ditu. Azpeitiko Udalak, Estatuko Gobernuak, Kataluniako erakundeen ordezkaritza eta autogobernu gaitasuna mozten eta Kataluniako herriaren berezko eskubidea den hori egiletsitako karta batetan bilakatzen duen, Espainiako konstituzioaren 155. artikuluaren babesean hartutako salbuespen kontrol neurri guztiak, gaitzesten ditu. Azpeitiko Udalak adierazten du, soilik Kataluniako gizarteari eta bere berezko ordezkari instituzionalei dagokiela, euren etorkizuna erabakitzea soilik bide baketsu eta demokratikoak erabiliz».

Fotos

Vídeos