Santa Luzia jaiak ospatuko dituzte bihar Elosiaga auzoan

Soinu eta panderoaren doinupean egin ohi dute baselizatik sagardotegira bidea./E.A.
Soinu eta panderoaren doinupean egin ohi dute baselizatik sagardotegira bidea. / E.A.

Mezarekin hasiko dute ospakizuna eta egun osoan zehar festa giroa nagusituko da Añota sagardotegian

ELI AIZPURUAZPEITIA.

Bihar, abenduak 13, egun esanguratsua da Gipuzkoako hainbat herritan eta Azpeitian ere urteko egunik handiena izan ohi dute Elosiaga auzoan. Egun osoan zehar hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Egunari hasiera meza nagusiarekin emango diote, 10:30ean, auzoko Santa Luzia baselizan. Bertan parte hartuko dute Zumaiako eta Azpeitiko abesbatzek eta Jose Luis Frantzesena organo-jotzailea ariko da ahotsei doinua jartzen. Horrez gainera, Juan Bautista Mendizabalek Elosiagaren eta San Inazioren arteko loturaren inguruko azalpenak emango ditu. Ondoren, soinu-jotzaileekin kalejira egingo dute ohi bezala, Añota sagardotegira, eta han, 11:30ean, hamaiketakoa egingo dute. Bertsotan ariko dira Sebastian Lizaso eta Millan Telleria, eta giroa alaitzen, berriz, Lidia eta Itzeder. 12:30ean, herri kirol erakustaldia egingo dute Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolariek eta Martin Mendizabal eta Elias Perez harrijasotzaileek. Festarrekin jarraituz, bazkaria izango dute Añota sagardotegian, 14:00etan hasita, eta arratsaldean bertsolariekin eta trikitilariekin erromeriak jarraituko du gorputzak irauten duen arte.

Bazkaria, zapatuan

Behin santaluzia eguneko ospakizunak amaituta, zapatuan, abenduak 16, bazkaria antolatu dute Añota sagardotegian. 14:00etatik 19:00ak arte festa giroa izango da bertan eta bapateko bandarekin alaituta nahikoa musika, bertso eta parranda giroa izango dela aurreratu dute. 38 euroko menua izango da. Interesatuek deitu aurrez 943812092ra.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos