Sanjoanen atarian herri krosa eta Jubilatuen Eguna izango dituzte Urrestillan

Astebete geroago, San Joan jaiei jarraipena emango diete eta egitarau oparoa prestatu dute bertako Festa Batzordekoek

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Ekaina ere badoa aurrera eta horrekin batera gainean dira sanjoan jaiak. Urrestillan festa egitarau oparoa prestatu dute, ohi bezala, bertako Festa Batzordeko kideek. Gaur bertan pilota partidak jokatuko dira Txikuri frontoian. Ondoren, bihar, zapatua, Urrestillako Herri Krosaren tartea izango da. Oraindik ere eman daiteke izena internet bidez, herrikrosa.eus atarian. Gaur da horretarako azken eguna baina aurrez inskripzioa egin ez duenak, izango du aukera bihar, lasterketa baino lehenago izena emateko, 16:30ean.

Ordu erdi geroago, 17:00etan, hasiko dira ondoren lasterketak, kategoria desberdinetan. 0 eta 8 urte bitartekoena izango da estreinakoa eta 200 metro egin beharko dituzte txikitxoek. 17:15ean, 3. eta 4. mailakoen txanda izango da (550 metro); 17:30ean, alebinak, 5. eta 6. mailakoak, aterako dira (950 metro); 17:45ean, infantilak egingo due korrika, DBH1 eta DBH2. mailakoak, alegia. Hauek 1.1190 metroko lasterketa izango dute aurretik; 18:00etan kadeteen tartea izango da, DBH3. eta 4. mailakoena (2.300 m.); 18:00etan jubenilen (4.500 m.), seniorren eta beteranoen txanda izango da, lasterketei amaiera emanez. Azken hauek, 8.859 m. izango dituzte aurretik.

Kirolari eskainitako eguna, musikarekin borobilduko dute Urrestillan. Izan ere, 19:30ean, Benta Zaharreko Mutiko Alaiekin kantu-jira egingo dute bertan.

Jubilatuen Eguna

Igandean, hilak 17an, Jubilatuen Eguna izango dute Urrestillan. 13:00etan, hamaiketakoa egingo dute estreinako eta ondoren, 14:00etatik aurrera, bazkaria izango da bertan. Bazkalostea trikitilariek alaituko dute.

Behin asteburua igarota, hurrengoan, San Joan jaiak izango dituzte Urrestillan eta motorrak berotu ostean, izango dute non gozatua, ekitaldi ugari prestatu baitute bertako Festa Batzordekoek.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos