Sanisidro jaiak ospatuko dituzte Aratzerrekan gaur eta datorren asteartean, Zaindariaren Egunean

Nahikoa lan izan ohi dute haurrek altxorra topatzen. / E.A.
Nahikoa lan izan ohi dute haurrek altxorra topatzen. / E.A.

AZPEITIA.

Aratzerrekako sanisidro jaiak iritsi dira. Asteartean, maia-tzaren 15ean izango da bertako eguna. Hori dela eta, egun horretan ospakizunak izango badira ere gaur, zapatuan, festa eguna izango dute auzoan. Honela, 'Atxur festie' bezala bataiatu ohi dute eguna urtero eta ekitaldi ugari izango dira gaur goizetik hasi eta ordu txikiak arte.

Honela, 9.30ean, suziriekin esnatuko dira Aratzerrekan. 10:00etan, festarako prestatzeko, jendearen sasoia probatu nahi dute lehenik auzotarrek. Hori dela eta, mendi buelta egingo dute Izazpi, Pagotxeta eta Samiñotik. Partehartzaileentzat salda izango da gero.

15:30ean, aitzurraren igoera eta txupinazoa izango dira. 16:30an, zezen jolasak egingo dituzte, Lopene ganadutegiko zezenekin.

18:00etan, 'Atxur festie' hasiko da, umeentzat prestatutako joko desberdinekin (altxor bila, aitzur kerten jaurtiketa edo sokatira). Gerturatzen direnentzat mokadutxoa ere ipiniko dute.

19:30ean, trikipoteoa dago eta ondoren, 21:00etan, auzo afaria izango da bertan. Ohi bezala, goiz aldera, urteroko 'lehiaketa xelebrea' ere egingo dute, hau da, hiru arraultza egosi zeinek azkarrago jan, alegia. Irabazleak 30 euro eta dozena arraultza jasoko ditu saritzat.

Oraindik norbait goseak balego, baratxuri zopa ere banatuko dute.

San Isidro Egunean, asteartean, jarraituko du festak. 12:00etan, meza ospatuko dute eta ondoren, bazkaria izango da. Arratsaldean, 18:00etan, haurren arteko pilota partidak daude eta behin hauek amaituta, aitzurraren jaitsierarekin batera, afariarekin amaituko dira jaiak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos