Saninazioak «izugarriak» izan direla dio Udalak

Zezenketak zirela eta, hiru egunetan egin dute mandozainek kalejira.
Zezenketak zirela eta, hiru egunetan egin dute mandozainek kalejira.

Festak amaitu bezain pronto balorazio «positiboa» egin du Mikel Ibartzabal zinegotziak. Eraso matxistei aurre egiteko kanpaina «ezinbestekoa» izan dela diote, eta eraso aipagarririk egon ez izana azpimarratu du Udalak

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Amaitu dira San Inazio jaiak. Atzo goizean eman ziren bukatutzat hiru eguneko festak. Txupinazoaren ostean, pasa den igandean, Azpeitia saninazio jaietan murgilduta egon da. Hala ere, aurreko asteburutik hasita egon da non gozatua herrian. Horren guztiaren balorazioa egin du Udalak eta bertako Festa ba-tzordeburu den Mikel Ibartzabalen esanetan «izugarriak» izan dira festak. «Uztailaren 19tik ia egunero izan da zerbait herrian, eta ekitaldi guztiak jendetsuak izan dira. Ekitaldi guztietan jende mordoa ibili da; bai kontzertuetan, bai umeentzat antolatutako ekintzetan... eta dena arazorik gabe joan da», adierazi du.

Amaitzeko, festak antolatzen eta ekitaldiak aurrera eramateko lan egin duten guztiak eskertu nahi izan ditu Ibartzabalek. «Haujijijai batzordeko kideak zein Festa Mahaikoak eskertu nahi ditut beraien lanik gabe hau ez zelako posible izango».

Erasoen kontrako kanpaina

Bigarrengoz, eraso matxisten kontrako kanpaina ipini du abian Udalak, Haujjijai batzordearekin elkarlanean. Festa giroan gertatzen diren eraso sexisten jakitun, arazo horren inguruko sentsibilizazio, informazio eta harrerarako karpa jarri da Plaza txikian, hiru egunez. Leire Etxaniz Parekidetasun zinegotziaren arabera, «ezinbestekoa» bihurtu da kanpaina. «Tamalez, festa giroan ere ohiko dira erasoak, eta horri aurre egin eta festak libre goza-tzeko kanpaina egiten saiatu gara. Karpara jende asko etorri da emakume zein gizon, eta herritarrek zerbitzu hori eskertzen dutela adierazi digute», adierazi du.

Aurtengoan ere Udalak ez du eraso aipagarririk gertatu denik jakin. «Balorazio oso positiboa egiten dugu bigarrengoz. Karpak bere funtzioa ondo bete duela uste dugu, erasoei aurre egiteko eta herria sentsibilizatzeko balio izan du. Indarkeria matxistari aurre egiteko programekin «lanean» jarraituko dutela, «arazo honekin lehenbailehen bukatzeko», azpimarratu dute arduradunek.

Temas

Jaiak

Fotos

Vídeos