Saninazio bigarrena, ekitaldiz beteta

Herriko dantzariek aurreskua dantzatu zieten Iñigo Urkullu lehendakariari, honen emazteari eta gainerako ordezkariei. / ARGAZKIAK ELI AIZPURU
Herriko dantzariek aurreskua dantzatu zieten Iñigo Urkullu lehendakariari, honen emazteari eta gainerako ordezkariei. / ARGAZKIAK ELI AIZPURU

Bakailao lehiaketak, haurrentzat zezenek eta ikuskizunek edo kontzertuek, besteak beste, osatu zuten eguna

ELI AIZPURU AZPEITIA.

San Inazio bigarrena ospatu zuen atzo Azpeitiak. Horrekin batera, urtero legez, Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko ordezkariei harrera egin zieten Azpeitiko alkateak eta Udaleko gainerako kideek. Iñigo Urkullu lehendakaria iritsi bezain pronto hasi zen ekitaldi ofiziala.

Eneko Etxeberria alkateak gidatuta eta lehen aurkezpenak eta esku-emateak eginda, aurreskua eskaini zieten Urkullu lehendakariari eta emazte Lucia Arieta-Araunabeñari, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteari, eta Eider Mendoza Batzar Nagusietakoari, Markel Olano ahaldun nagusiari, eta Eneko Etxeberria alkateari.

Loiolara abiatu ziren ondoren. Bustinzuriko arrabaletik Arana kalera bitarteko ibilbidea burutu ostean, ohi bezala, lehen adierazpenak egin zituen lehendakariak. Bertan, Badajozeko espetxean herenegun hil zen Kepa del Hoyori buruz hitz egin zuen eta «legearen barruan espetxe politikan aldaketak egiteko» lanean ari direla adierazi zuen, familiakoei «doluminak» eman ostean.

Aurreko urteetan bezala, behin Loiolan, zain zituen Urkulluk Etxerateko kideak. Iaz ez bezala, harrera egin zien lehendakariak. Etxeratek espetxe politika aldatzeko «urgentzia» nabarmendu zuen, besteak beste, «politika horren ondorioz» jasandako «beste heriotza bat» prentsaurrekoan salatu baino lehen.

Bitartean, basilikan, Donostiako gotzain Jose Ignacio Munillak eskaini zuen meza.

Loiolan ekitaldi instituzionala aurrera zihoan bitartean, herriko plazan bakailaoaren prestaketetan murgilduta zeuden hamargarrenez bakailao lehiaketan parte hartu zuten 27 talde edo bikoteak.

«Oso maila altuko» platerak prestatu zituztela nabarmendu zuten epaimahaikidek. Iazko irabazleak nagusitu ziren, Arantzazu Etxezarreta eta Iban Azpiazu. Txapelez gainera, lau lagunentzako otordua irabazi zuten Kiruri jatetxean. Bigarren postuan, Maritxu eta Mila Uranga sailkatu ziren eta hirugarrenak izan ziren Mikel Zaldua eta Eñaut Agirregabiria. Elkarte onenaren saria, berriz, Zulo Zabalentzat izan zen; Aitor eta German Bastidak jaso zuten egurrezko goilara erraldoia.

Prestatutako bakailaoa azoka plazan jan zuten ondoren, herri bazkarian. Arratsaldean, ekitaldi ugari izan ziren baita ere. Besteak beste, mus txapelketa jokatu zen Sanagustinen. Txikitxoek, zezenekin goza-tzeko parada izan zuten Donejakuen eta Ekain Txourekin edo Go!azen-ekoekin ondo pasatzeko tartea ere izan zuten. Emakumeen eskuzko pilota partidek ere ikuskizuna eman zuten Frontoi txikian eta gauean, kontzertuek jende andana bildu zuten. Goizera arte iraun du festak eta suziri eta danbatekoekin amaitutzat eman dira 2017ko San Inazio jaiak.

Datorren urtera arte agurtuko dituzte San Inazio jaiak azpeitiarrek.

Temas

Jaiak

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos