'Sagardoa Azpeitian' liburua aurkeztu da txapelketaren 45. urteurrenaren harira

Mikel Ibarzabal, Ane Lazkano, Juan Joxe Agirre, Laxaro Azkune eta Eneko Etxeberria, aurkezpenean. / E.A.

Laxaro Azkunek idatzi du eta Juan Joxe Agirreren argazkiekin osatu da lana Azpeitiak sagardoarekin duen «lotura estua» islatzeko

AZPEITIA.

«Azpeitiarrok nonahi esan dezakegu. Edan bakarrik ez dugu egiten, sagardoa bizi dugu». Sebastian Lizaso bertsolariak eta sagardozaleak, urte askoan sagardoaren inguruan herrian egin ohi den lehiaketako antolatzaileetakoak, bertsotan abestutako hitzak dira hauek eta atzo, udalbatza aretoan aurkeztu zen liburuaren, 'Sagardoa Azpeitia' lanaren, zergatia ongi baino hobeto agertzen dute hitzok.

Laxaro Azkune kazetariak eta idazleak bildu ditu testuak eta Juan Joxe Agirre argazkilariaren irudiekin apaindu da 'Sagardoa Azpeitian' lana. Udalaren babesarekin aurrera eramana, atzo aurkeztu zuten egileek, udal arduradunek eta Azpeitiko sagardo elkarteko kideek.

Sagardoaren bueltan herrian ibili ohi den jende ugari gerturatu zen aurkezpenera. Izan ere, aurten 45 urte dira Azpeitiko Sagardo Txapelketa jarraian ospatzen dela, «1973an hasi eta 1979tik aurrera, etengabe ospatu izan da Plazan», egileak azaldu bezala.

Eneko Etxeberria alkateak hartu zuen estreinako hitza eta «sagardoaren bueltan herrian biltzen diren guztiak» eskertu zituen. Honez gainera, «Euskal Herria eta baserriarekin, euskararekin, dantzarekin lotura du eta sagardoaren historia ikusten dugunean, Azpeitiaren historia ikusten dugu», esan zuen.

Laxaro Azkunek iazko udaberrian heldu zion proposamenari «sagardoa beti izan dut gustuko. Urtean zehar ere otordu askotan lagungarri izaten dut». Ondoren, sagardoak Azpeitian izan duen eraginaz eta bilakaeraz aritu zen herrian ospatzen den txapelketari erreferentzia egin aurretik. «Azpeitia sagardogileen-tzat plaza inportantea da», gogoratu zuen.

Alboan, bai atzokoan, eta baita liburua egiterako orduan ere, izan du Juan Joxe Agirre. «Azpeitiko baserriak kanpotik lehen ere ezagutzen nituen baina orain barrutik ere bai. Jende asko ezagutzeaz gain, ikasi ere egin dut», esan zuen argazkilariak.

50 irteera egin dituzte eta 1.500 argazki inguru atera ere. Horietatik 180 liburuan daude eta besteak 'Sagardoa maite da Azpeitian' ikusen-tzunezkoan bildu dira. Liburua bost eurotan salgai jarriko da Santio Egunean.

Fotos

Vídeos