Sagardo Eguna antolatu dute estreinakoz Loiolan biharko

Sagardo Eguna iragartzeko kartela, Loiolako inguruetan./
Sagardo Eguna iragartzeko kartela, Loiolako inguruetan.

13:00etan hasiko da dastaketa eta pintxoak ere izango dira. Guztira auzoko 12 sagardogile izango dira bertan

E.A. AZPEITIA.

Azpeitian sagardoarekiko kultura handia dago. Laxaro Azkunek idatzitako 'Sagardoa Azpeitian' liburuan irakur daitekeen bezala, historia luzea du sagardoak Azpeitia eta inguruko baserrietan. Asko dira, Loiolan, esaterako, tolarea duten baserriak eta sagardoa egiteko ohiturari eusten diotenak. Loiolako festa batzordekoek auzoko baserrietan hain errotuta dagoen usadioa kalera atera nahi dute. «Auzoan sagardo-kultura handia dago eta horrek jarraitzea nahi dugu. Tolareak mantentzea da gure nahia eta pixka bat 'saltseroak' ere bagarenez, festa antolatu dugu horren inguruan», azaldu du Loiolako festa batzordeko kide Aitzol Arregik.

Hori dela eta, bihar, zapatua, Sagardoa Eguna egingo dute Loiolan. Basilika aurreko zelaigunean bilduko dira auzoko 12 sagardogile. «Sagardoa egiten dutenak dozena baino gehiago dira auzoan baina horren berri azaldutakoan, batzuk jada gutxituta edo etxerako bakarrik eginda dutela eta atzeratu egin dira. Hurrengo urtean, jarraipenik izango balu festa honek, ikusiko da», azaldu du antolatzaileak.

13:00etan hasiko da jaia. Bi eurotan erosi ahal izango da sagardo basoa. Edalontzia eta pintxoa sartzen dira hor eta aspertu arte sagardoa edateko aukera izango da.

Loiolako Festa Batzordeko kide eta auzotarrek inguruko jendea gonbidatu nahi dute bihar Loiolara, lagunartean eta sagardoaren bueltan une eder bat igarotzera. «Sagardoa bukatu arte» iraungo du festak.

Fotos

Vídeos