Pilotari tartea egingo zaio saninazio jaietan eta 31n eta 1ean partidak jokatuko dira

Pilotariak eta Udaleko eta Ilunpeko ordezkariak. / UDALA.
Pilotariak eta Udaleko eta Ilunpeko ordezkariak. / UDALA.

AZPEITIA.

Saninazio jaietan pilotari tartea egiteko ardura hartu du aurtengoan ere Azpeitiko Udalak. Ilunpe Pilota elkarteak antolatu du uztailaren 31ko partida eta herriko taldeari pilota partida antolatzeko aukera emateaz gain, lehen partidan azpeitiar batek jokatzeko apustua eginez jarraitzen dute. «Gure-tzat garrantzitsua da antolaketan zein partidetan herritarren parte hartzea, eta hasitako ibilbideari heltzen diogu», adierazi du Estitxu Elduaien Kiroletako batzordeburuak. Jon Alberdi (azpeitiarra) eta Aretxabaleta, Elordi eta Merino I.aren aurka eta Altuna III. eta Rezusta, Bengoetexea VIII. eta Albisuren kontra, arituko dira uztailaren 31n, 22:30etik aurrera, Izarraitz pilotalekuan. Sarreren erreserba 660 806 080 telefonora deituta egin daiteke, bestela leihatilaren ordutegia honakoa izango da: uztailaren 29an, 18:00etatik 20:00etara, eta uztailaren 31n, 12:00etatik 14:00etara eta 20:00etatik aurrera.

Emakumeen partidak

Iaz antolatu ziren lehen aldiz emakumeen pilota partidak, izandako harrera ona ikusirik, emakumeen kirola bultzatzeko helburuarekin bigarrenez antolatu dira. «Iaz frontoia bete egin zen, ikuskizun bikaina izan zen, eta emakumeen kirola eta pilota bultzatzeko apustuarekin aurrera jarraitzen dugu», azaldu du Elduaienek.

Gainera, iaz Azpeitia izan bazen ere lehenetarikoa emakumeen arteko partidak antolatzen, aurten herri askotan ari dira antolatzen. Abuztuaren 1ean, 18:30etik aurrera Frontoi Txikian izango dira partidak. Maddi Unanue eta Naroa Agirre, Maialen Ganzarain eta Oihana Orbegozoren kontra ariko dira eta Eneritz Arrieta eta Oihana Unanue, Patri Espinar eta Alaitz Badiolaren kontra jokatuko dute.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos