«Naturaren zaporeak etxera eraman nahi ditugu gure produktuekin»

Xabier Uzkudunek eta Aloña Arrillagak mimo handiz jarduten dute egunero baserriko lanetan./A.B.
Xabier Uzkudunek eta Aloña Arrillagak mimo handiz jarduten dute egunero baserriko lanetan. / A.B.

Baserriko bizimoduari buelta bat eman eta apustua egin dute Xabier Uzkudunek eta Aloña Arrillagak Azpeitian dastatu daitezke Urrakin ekoizten diren esne eta esnekia

ALEX SILVAAZPEITIA

. Esne-behiak betidanik izan dira Uzkuduntarren etxean. Gurasoengandik jaso du Xabier Uzkudunek lekukoa. Urteetan aldaketak izan dira baserrian: ukuilua moldatu, behi kopurua handitu, baita murriztu ere; larreetara atera animaliak... baina erronkarik handienari orain hiru bat urte egin zioten aurre. Baserritik bizi nahi zutela erabaki zuten orduan, eta baserriko lana eguneroko ogibidea bihurtzeko moldaketetan hasi ziren.

Baserriko lanak ez dira fabriketakoak modukoak ordea. Denen artean egin behar izaten dituzte: anaia, koinata, emaztea... inor ez dago soberan, eta inoiz ez da lana amaitzen. Baina emaitzak eta lortzen den produktuak arintzen du bidea Uzkudunen esanetan. «Lana handia da, baina zuzenean merkatura jotzeak ere etekin handiagoa lagatzen digu baserritik bizi nahi dugunoi, bitartekariekin ez dago etorkizun erraza».

Baserritik bizitzeko apustuarekin bat etorri zen esnea poltsetan saltzeko gogoa. Hiru urte pasa dira ordutik, eta egun jogurtekin ere hasi dira. «Esneak aukera asko ematen ditu, landutako produktuekin ere iritsi nahi dugu bezeroengana, kalitatezko esnekiekin».

«Familia osoa baserritik bizitzea nahiko genuke, orain hiru bat urte egin genion aurre erronkari»«Behi esneak sekulako propaganda txarra izan du azkenaldian, baina osasunerako itzela da»

Behi esnekien dibertsifikazioan hasi dira, momentuz merkaturatu duten lehen produktua, esneaz gain, jogurta izan da; baina buruan badituzte bai Aloñak zein Xabierrek beste produktu asko: gaztak, edateko jogurtak... «Produktu guztiz naturalak dira gureak. Prozesuan esneari ez diogu ezer kentzen, gure inguruan dauden fruta zaporeak gehitu baizik, marmeladen bidez», dio Aloña Arrillagak. Ezama-enea baserriko produktuek beraz ez dute zerikusirik supermerkatuetan ikustera ohituta gauden esnekiekin.

«Zentimo gutxiren aldean etxera jaki naturalak eta kalitatezkoak eramateko aukera dute bezeroek, goilarakada bakoitzean naturaren usain eta gustu guztiaz disfrutatzeko aukera». Xabierrek eta Aloñak garbi dute beraien produktuak zerk desberdintzen dituen besteengandik: bertakoak, mimoz eta maitasunez egindakoak, eskuz landutako produktu naturala izatea eta naturak eskaintzen dituen zaporeekin eginak. Esne osoaz gain, jogurt naturala, kanabera azukreaz gozatutakoa eta basoko fruituekin eztitutakoa dituzte; baina berehala merkaturatuko dituzte melokotoi eta bestelako zaporedunak.

Baserritarren ahotan, behi esneak sekulako propaganda txarra izan du azkenaldian zenbait medikuen aldetik, baina osasuna zaintzeko elikagai zoragarria dela dio Uzkudunek; hori bai, «kalitatezko esnea edota esnekia behar du izan», eta Urrakin ekoizten dituztenak goi mailako produktuak dira.

Sentimenduak ere asko dira produktu hau erosi eta dastatzean: gure mendietako berdetasuna iristen da esnekietan, lan gogorra egiten duten baserritarren ogibidearen aitorpena, bertako produktu eta ekoizpenei ematen zaion babesa, natura aukeratzea interes ekonomiko hutsen aurretik... eta sentimendu zein sentsazioez gain ere Ezama-enea baserriko esnekiek badituzte beste berezitasunak: produktuak duen gorputza, krematsuak izatea, gehigarririk gabeko produktu naturala izatea... Klabe edota sekretu bakarra dago honen guztiaren atzean; mimoz lantzea. Eskuz, poliki eta maitasunez egitea produktu bakoi-tza, etxekoentzat egiten den moduan.

Behitik hasi eta bezerora iritsi arte ere bitarteko guztiak egiten dituzte Ezama-enea baserrikoek. «Astelehen eta ostegunetan egiten ditugu banaketak esaterako, bai etxeetara zein dendetara». Hor ere ez dute edozein denda mota aukeratu, betiko auzoko dendetan kokatu nahi izan dute beraien produktua. Gertutik jarraitu nahi dute bezeroarekiko tratua eta horregatik bertako produktua bertako dendetan kokatzea izan da aukera.

«Komertzio txiki edota harategietan erosi daitezke gure esnekiak, gertutasuna eskaintzen duten dendetan». Azpeitia, Azkoitia eta Aizarnan dastatu daitezke momentuz Urrakin ekoizten diren esne eta esnekiak, baina Arrillagak gustura artatzen ditu telefonoz (696 325 260) hortik kanpo daudenak ere, «bidea egiteko dugu, eta momentuz ez gabiltza ateak ixten, eskualdeko beste denda eta puntutara ere iritsi nahi dugu».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos