Nahikoa sagardo eta pintxo, pilota eta errekortarien jaialdia izango dira gaur

Santio Eguna ospatuko da Azpeitian eta jai egitarau zabala du herriak egun osorako

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Festan murgilduta dabil jada azken egunotan Azpeitia baina gaur, Santio Eguna, egutegian gorriz markatutako egun horietakoa dute azpeitiarrek. Baserritarren festa bezala ezaguna den jai egun honek, sagardoa izango du ardatz. 45 urte bete ditu Sagardo lehiaketak eta eguerdian protagonismoa hartuko du plazan hain geurea dugun mustioak. 23 sagardogile lehiatuko dira 12:00etatik aurrera. Txapelketa bakarra izango da. Kioskoan kokatutako epaimahaiko kideek erabakiko dute zein den aurtengo Azpeitira etortzen direnen arteko sagardorik onena.

Edalontzia 3 euroren truke hartu ostean, nahikoa sagardo edateko aukera izango da. Era berean, bezperan prestatzen hasitako txekor errea dastatu ahal izango da eta baita parrilean erretako hegaluze pintxoak ere. Bildutako dirua, beste behin, garapen bidean dauden herrialdeak laguntzeko bideratuko da.

Horrez gainera, eskualde mailako arraza desberdinen ganadu erakusketa izango da eta azoka plazan, XVIV. Gazta lehiaketa egingo da. Arratsaldean, 18:00etan, kantu poteoa dago eta 18:30ean, errekortarien jaialdia egongo da, zezen plazan. Ondoren, Jainekin txarangak alaituko ditu kaleak, 22:30era arte.

César Valverde Sariak

Santio Egunean ohi bezala, XXXIII.ez Cesar Valverde txapelketaren finalak ere jokatuko dira, Frontoi Txikian, goizeko 10:30etik aurrera.

Honakoak izango dira partidak: Aurrebenjamin kategorian: Iñaki Kerejeta, Julen Larramendiren aurka; eta Aimar Elosegi eta Julen Urrestilla Eneko Bidezabal eta Ioritz Arzuagaren aurka ariko dira.

Benjaminetan, Ugaitz Arangurenek Aner Arangurenen aurka jokatuko du eta binakakoan, Xuban Ibarguren eta Iñigo Sarasua Eritz Etxeberria eta Ekain Azkueren kontra ariko dira. Alebinetan, Aratz Azkue eta Enaitz Alberdi Aner Lizaso eta Hodei Gurrutxagaren aurka eta Eneko Odriozola Iker Otaegiren aurka ariko da banakoan.

Azkenik, infantil mailan, Aimar Egiguren eta Oier Alonsok Ibai Olaizola eta Iosu Labakaren aurka jokatuko dute.

Nafar banderari gorazarrea

Nabarralde Fundazioko Urolakoen Napar Zuzterrak taldeak antolatuta, plazan omenaldia egingo zaio euskaldunon nafartasunari. Goizeko 10:30ean abiatuko dira Perez Arregi plazatik Erdi kalean zehar. Behin plazan, txalaparta, irrintziak, bertsoak, jotak eta dantzak izango dira.

Hazparneko lagunak ere Azpeitian izango dira eta ondoren, bazkaria egingo dute elkarrekin, Sanagustinen arratsaldeko 14:00etan. Nabarralde saria banatuko da bertan eta Arantzazu Amezaga Iribarren idazlea izango da saritua.

Temas

Jaiak

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos