Mugat eta Hobetuz lokal berdinean ariko dira aurrerantzean

Mugat eta Hobetuzeko arduradunek lan hitzarmena sinatu dute zerbitzu egokiagoa eskaintzeko.
Mugat eta Hobetuzeko arduradunek lan hitzarmena sinatu dute zerbitzu egokiagoa eskaintzeko.

Lankidetza akordioa sinatu dute erabiltzaileei erraztasunak eskaintzeko

ALEX SILVAAZPEITIA.

Menpekotasuna eta behar bereziak dituzten pertsonen zaintzan espezializatutako Hobetuz ortopediak eta Mugat irabazi asmorik gabeko elkarteak lokala partekatuko dute aurrerantzean. Beraien egunerokotasunean ahalik eta aldaketa gutxien eginda normaltasunean beraien etxean bizi nahi duten pertsonei bideratutako zerbitzua ahalik eta era osatuenean eskaini nahi diete bi enpresek.

Horregatik, Damaso Azkue auzoko espazioan biak egotea gauzak erraztuko dizkie erabiltzaileei. Azkenean, pertsonak beraien etxean jarraitzeko bi dira, gutxienez, kontuan izan beharrekoak: laguntza teknikoa (ortopedia) zein etxeko egokitzapenak (oheak edota bainugelak) eta aholkularitza zein langile espezializatuen laguntza.

Horrela, Azpeitiko bi taldeek era integralean erantzungo diote hemendik aurrera dituzten eskaerei. Dena den, orain sinatutako hitzarmena hasiera puntu bat bakarrik dela adierazi dute arduradunek, izan ere, pixkanaka zaintza berezituen eta menpekotasunen arloan dagoen jakintza eta zerbitzu guztiak biltzea dute helburu kontsulta bakar batean arazo guztiei aurre egin ahal izateko.

Mugat elkartea irabazi asmorik gabeko proiektua da eta bere helburua menpekotasuna duen pertsona bere ingurunean eta bere erara zein ohiturekin etxean zainduta egoteko aukera eskaintzea da. Mugatek bizi kalitatea diseinatzen du eta horretarako azkenengo urte honetan martxan jarri ditu zaintzaren baitan bi zerbitzu mota: gaueko etxez etxeko zaintza zerbitzua eta eguneko zaintzaileen bilaketan bitartekari eta jarraipena.

Nerea Amenabarrek, Mugateko sortzaileak, orain bi urte azaldu zion egunkari honi gaueko etxez etxeko zaintza zerbitzua guztiz berritzailea zela. Garai hartan testeo fasean zegoen proiektua eta egun martxan dago geroz eta erabiltzaile gehiagorekin Azpeitiko Udalaren laguntzarekin.

Pertsonei arreta zuzena ematen zaie beraien etxean eskuhartze zehatzen bidez bere gaitasunak eta autonomia funtzionala sustatzeko. Horretarako erreferentziazko ibilbide pertsonalizatua du Mugateko profesionalak, pertsona bakoitzaren ezaugarriak zehaztuta eta horien araberakoa. Horrez gain, unean-unean gaueko bisiten ibilbidea aldatu daiteke pertsonen beharren arabera edo gauean gerta daitezkeen urgentziak direla eta.

Amenabarrek, zerbitzuaren sustatzaileak, garbi du ezinbestekoa izan dela administrazio publikoaren babesa proiektua aurrera ateratzeko, eta horrek behar berezi horiek dituzten herritarren bizi kalitatean zuzenean eragin duela. Horregatik pixkanaka eskaintzen duten zerbitzua moldatzen joan dira beharren arabera, eta gaueko zaintza zerbitzuez gain, eguneko zaintzaile profesionalen bilaketa, aukeraketan eta horien hileroko jarraipenean ere laguntza eskaintzen dute.

Orain Hobetuz eta Mugatek sinatu berri duten hitzarmenak ere bide beretik jarraitzen du, erabiltzailea zentroan jarri eta horren araberako zerbitzu integralak diseinatu ahalik eta modu egoki eta erosoenean.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos