Mitoen zerrendan sartu da Jose Ignazio Orbegozo 'Arria II' aizkolaria

Arria II, Urretabizkaia idazlearen alboan, eta familiako, herri kirolen federazioko eta udaleko ordezkariekin.
/E.A.
Arria II, Urretabizkaia idazlearen alboan, eta familiako, herri kirolen federazioko eta udaleko ordezkariekin. / E.A.

Joseba Urretabizkaiak osatutako 'Gentilak' pertsonaia mitikoen trilogiako protagonistetako bat da aizkolaria. Atzo aurkeztu zuten liburua

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Gutxi dira eta direnak bizitzan zerbait egin dutelako aukeratu dituzte. Askotan gainera, zendu eta gero, hartu ohi dute izena. Ez da hau gaurko protagonistaren kasua. Jose Ignazio Orbegozo Arria II. pertsonaia mitikoen trilogia batean sartu baitu Joseba Urretabizkaia idazleak. Atzo aurkeztu zuten liburua Azpeitiko udaletxean. Bertan, Orbegozo eta bere familiaz gain, Azpeitiko eta Errezilgo alkateek, Eneko Etxeberriak eta Xebero Agirretxek, Gipuzkoako Herri Kirolen Federazioko ordezkari Eduardo Arrizabalga 'Txertudi'-k eta egileak berak, alaba Arianekin batera hartu zuten parte.

Arria II.aren inguruko liburua Urretabizkaiak landu duen bigarrena da. Aurretik Patxi Astibiaren ingurukoa idatzia du (dagoeneko agortuta) eta Miguel Mindegiari buruzkoa lantzen dihardu orain. «Herri kiroletan aritzen diren gizon handiak aukeratu ditut zeregin honetan. Bere ezaugarri fisiko bereziengatik beste edozein kirol aukeratu zezaketen. Biderik gogorrena eta sakrifituena aukeratzeko indarra izan zuten baina hori zen maite zuten bidea. Plazak betetzen zituzten gizonak dira», azaldu zuen Urretabizkaiak. «Txiki-txikitatik ikusi dut aitak euskal kulturarekin orokorrean izan duen lotura. Eskertzekoa da horrelako lanak egiteko duen grina», gaineratu zuen alaba Arianek.

Gizon handien artean, beraz, ahoz bakarriz ez, idatzita geratuko da Arria II.aren izena, pertsonaia mitikoen artean gutxi batzuk duten lekuan. «Ohore handia da. Hori gerorako gelditzen da. Garrantzitsua da liburu propio bat izatea. Asko estimatzen da hori eta gainera bizirik zauden bitartean izatea askoz inportanteagoa da oraindik», azaldu zuen Arriak.

Loiolako Mandiolatza baserrian jaiotako eta gaztetatik Errezilera joandako azpeitiar-errezildar aizkolaria munduko eta Euskal Herriko historiaren altxor da jada. Idatzita dago.

Xibarit argitaletxeak osatu du Jose Ignazio Orbegozo Arria II.aren inguruko lana eta edizio «mugatua eta numeratua» izango da, 250 ale kaleratuko dira. 30 eurotan izango da salgai. Datorren zapatuan, hilaren 25ean, egingo zaion omenaldian edo Mendizabal erretegian eskura daiteke.

Más

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos