103 lagunek hartu dute parte Azpeitia-Bilbo 2018ko bigarren etapan

Beste behin partaidetza handia izan du egitasmoak eta oraingoan ere ehundik gora lagun elkartu dira. /  LAGUN ONAK M.B.
Beste behin partaidetza handia izan du egitasmoak eta oraingoan ere ehundik gora lagun elkartu dira. / LAGUN ONAK M.B.

Lekeitiotik Elantxobera arteko ibilbidea burutuko dute hurrena, martxoaren 17an

DV AZPEITIA.

Pasa den zapatuan egin zuten Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako Azpeitia-Bilbo 2018ko bigarren etapa, Deba eta Lekeitio artekoa, eta 103 lagunek hartu zuten parte.

Hotza egin bazuen ere, «ibiltzeko eguraldi aproposa» izan zutela adierazi dute mendizale elkartetik eta «giro bikaina» izan zutela.

Parte-hartzaileak 08:00etan hartu zuten autobusa Debara, eta 08:45 aldera hasi ziren ibiltzen Mutriku aldera, GR-121 ibilbidea jarraituta. Mutrikutik igaro ostean, Galdona auzorantz hartu zuten txangoan parte hartzen ari ziren lagunek, eta hango aterpetxean egin zuten aurreneko geldialdia, hamaiketako egiteko. Ondoren, Saturrarandik jarraitu zuten aurrera, Ondarroara iritsi arte. Ibilbidearen zati horretan igo zituzten parte-hartzaileek maldarik gogorrenak. Gero, Berritxu gainetik Asterrika auzora joan ziren, Zelaia ingurutik Mendexako kanpinera iritsi arte. Bertan egin zuten eguneko geldialdi luzeena, eta bazkaltzeko aprobetxatu zuten. 15:30 inguruan iritsi ziren Lekeitiora.

Hirugarren etapa, Lekeitio eta Elantxobe artekoa izango da (21 km) eta martxoaren 17an burutuko da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos