Karmele Zabaleta: «Ez gara elkarren aurkari, elkarlanean egingo diegu aurre gure erronkei»

Zabaletaren Koket arropa denda Singular Dendak zerrendan dago./AB
Zabaletaren Koket arropa denda Singular Dendak zerrendan dago. / AB
Karmele Zabaleta, bertan merkatari elkarteko lehendakaria

Egoera eta desafio berriei aurre egiteko lanean dabil Bertan elkartea

ÁLEX SILVAAZPEITIA.

Azpeitiarra, ekintzailea, emakumea, autonomoa, enpresaria, merkataria... eta orain, Bertan elkarteko presidentea ere bada Karmele Zabaleta. Badira urte batzuk emakumezkoei zuzendutako arropa denda zabaldu zuela Azpeitian. Oso garbi zuen hasieratik zein zen bere bezeroa «jantzita daramanarekin gustura sentitu nahi duen emakumea». Ez zuen bere burua inoren konpetentziatzat ikusten, eta ez zen hori bere asmoa, ezta orain ere. «Herritarra zerbaiten bila datorrenean eta nik horrelakorik ez badut, gustura bidaltzen dut herriko beste denda batera», dio Zabaletak. Zerbitzu hori tratuan oinarritzen du Karmele Zabaletak, «bezeroaren beharretara egokitu behar gara, eskaera-eskaintza legea asko aldatu da»; eta filosofia horrek balio izan dio Singular Dendak zerrenda preziatuan sartzeko, eskaintzen duen zerbitzuaren kalitatea «ziurtatzen» duen zigilua izan daitekeena.

Merkatari txikien sektorea geroz eta erasotuago dagoela garbi du, baina era berean, pixkanaka bada ere «jendea baloratzen hasi» dela ere badio. Denda bakoitzak bere diferentziala lortu eta hori indartu behar duela uste du Zabaletak egun dagoen eskaintza zabalari aurre egiteko, baina «batera egin behar dugu, bakoitzak guda bere aldetik egiten badu, ez goaz inora».

- 2008an sortzen da Bertan elkartea, baina badu gaur egun zer izana?

-Noski. Herrian merkatari asko gaude, sektore desberdinetan jarduten dugunok eta zonalde desberdinetan kokatuta gaude. Zenbait kasutan behar antzerakoak ditugu, bestetan, zonaldearen arabera, oso behar zehatzak, baina elkarlanean pentsatu behar dugu. Hori da gure elkartea bizirik mantentzeko arrazoia. Elkarrekin gehiago gara, indartsuago gara eta gehiago lortuko dugu, elkar lagunduko gara. Bakarka ez goaz inora. Nik hori garbi dut. Gure elkartean kalera begira edozein produktu edota zerbitzu eskaintzen duen 'merkataria' sar daiteke, nibel desberdinak ditugu elkartekide bakoitzaren arabera egokitu ahal izateko, elkarrekin egotea da garrantzitsuena, ez bakoi-tzak duen estatusa.

-Lehen aldiz abuztuan kanpaina berezia egin duzue.

-Egun ezinezkoa da abuztuan itxi behar dela pentsatzea. Gure eguneroko bezeroa zaindu behar dugu, eta zerbitzua eskaini behar diogu, baita abuztuan ere. Azkenean, gure eguneroko bezeroak ematen digu jaten eta bera libreago dagoenean denbora gehiago du gure komertziotan egoteko. Gainera, udan badira turistak ere herrian, eta hori ere izan daiteke erakargarria dendak zabaltzeko, naiz eta ez den arrazoi nagusia. Aurten ia dendari guztiek zabaldu dute, gutxienez goizean, bere establezimendua, beraz zergatik ez kanpaina bat erosketak sustatzeko? Nik uste beste edozein hilabete moduan tratatu behar dugula abuztua. Bezeroen ordutegi eta egutegietara egokitu behar gara.

-Beraz, urte osoko plangintza egiten duzue?

-Bai, irailean esaterako, 22 eta 23an, Stock Azoka egingo dugu eta aurten, plazara etorriko gara berriro. Badira zenbait ekintza dagoeneko gure herriko agendan errotuta daudenak, eta urtero saiatzen gara zerbait berria egiten.

-Beraz aitzakiarik ez herrian ez erosteko.

-Noski ez dagoela. Egun denetarik dago herrian, salneurri guztietan, gustu guztietarako, produktu kalitate guztietan... Kostatzen zaigu bertakoa kontsumitzeko ohitura areagotzea, baina ezinbestekoa da. 'Bertan bizi eta Bertan erosi' da gure leloa, eta hori oso garbi dugu. Bertako ekonomian atal txiki bat gara, baina sozioekonomikoki dugun eragina ez da horren txikia. Lanpostuak sortzen ditugu, gure herriari bizia ematen digu, gure auzoak ere toki seguruago bihurtzen dira merkataritzari esker... alde askotatik begiratu daiteke merkatarion aportazioa gure gizarteari. Elkartekideak bakarrik kontuan hartuko bagenitu, ia berrehun langile garela esan dezakegu; enpresa bakar bat izango bagina langile multzo majoa genuke.

-Salneurria askotan izaten da denda erabakitzeko aitzakia nagusia.

-Egiten ditugun inkesta eta neurketen arabera, dagoeneko hori ez da horren erabakigarria. Beste faktore batzuek eragiten dute: aparkatzeko guneak, dendaren kokalekua, eskaintzen den zerbitzua, ordutegi malgutasuna, aholkatzerako orduan zintzotasuna... Beraz, ezin dugu eurotan bakarrik pentsatu.

-Internet ere konpetentzia handia da, ez?

-Internetaren gaia ez da erraza. Egotearekin bakarrik ez da nahikoa. Landu egin behar da asko, merkatariak garbi izan behar du internet beste bigarren denda bat izatea modukoa dela eta lan hori hartu eta egiteko prest egon behar du. Bailaran izan dugu esperientzia bat interneteko salmenta plataformekin baina ez dira esperotako helburuak lortu, beharrezkoa da merkatarion errealitatea eta inplikazioa kontutan izatea horrelako ekimen baten garapenerako. Noski, badira merkatariak, zalantzarik gabe, internetez saltzen dituztenak eta oso ongi manejatzen direnak arlo horretan. Egia esan, azkenaldian auzoko edota herriko dendetara bueltatzeko joera hori ere ikusten dut. Esaterako Privaliak edota beste marka batzuek ere, tarte baterako bada ere, denda fisikoak zabaltzen dituzte, beraz, oraindik zerbait badago kalean sareak ematen ez duena. Noski, etorkizuna hortik etorriko da, eta ezin dugu beste alde batera begiratu. Bakoitzak gure lekua topatu behar dugu gure erritmoan.

-Internetak duen erakargarritasun nagusia, 24 orduz zabalik dagoela da.

-Ordutegien gaia oso gai delikatu, konplikatu eta polemikoa da. Nik uste bezeroaren arabera egokitu behar garela. Denon bezeroak ez dira berdinak, beraz denon ordutegiak ezin dira berdinak izan. Igandean zabaldu edo ez, arratsaldetan beranduago arte zabaldu, goizetan ez zabaldu, astelehenak itxi, oporraldian ordutegi jarraia... bakoitzaren aukeren eta eskaini nahi duen zerbitzuaren arabera izan behar du. Ezin da kafe berdina denentzat zerbitzatu.

-Dendaria bere beharretara egokitzea baloratzen du bezeroak?

-Nik uste baietz. Azkenean nire zerbitzua ez da gona bat saltzea, bezeroaren gustuen, gorputzaren eta emango dion erabileraren arabera gomendioak ematea da. Nik ez dut nahi nire dendatik eramatea erabiliko ez duten ezer. Hori garbi izan behar dugu. Ez dago konpromisorik, begiratzera bakarrik bada ere dendetara etortzera gonbidatuta daude bezeroak. Gure zerbitzua ahalik eta tratu pertsonalizatuagoan eta balio erantsia eskaintzen duenean egon behar du, baina anonimotasuna eta besterik gabe, zer dugun ikustera etorri nahi duenak ere ateak zabal-zabalik ditu.

Fotos

Vídeos