Joseba Albizuk merezitako omenaldia jaso du herrian

Joseba Albizu, udal ordezkariekin, familiako kideekin eta lagunekin, udaletxean jasotako omenaldian.
Joseba Albizu, udal ordezkariekin, familiako kideekin eta lagunekin, udaletxean jasotako omenaldian. / E.A.

Txirrindulari azpeitiarrak BTT-ko Espainiako eta Europako txapelketak irabazi berri ditu

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Garaipenak -eta esanguratsuak gainera- lortu ditu Joseba Albizuk azkenaldian. Podiumeko lehen harmailara igotzen trebezia hartzen ari da. Izan ere, ekainean BTT Ultramaratoiko Espainiako Txapelketa irabazi zuen eta Europako Ultramaratoia berriz, joan den larunbatean. Kopak eta beharrezko oroigarriak bai baina txapeldun, txapela jantzi, herrian egin diote.

Udalak omendu du eta garaipen horiengatik txapela, oroigarria eta lore-sorta eman dizkio. Gustura hartu du Albizuk Udalaren eskutik jasotako harrera hau. "Poz handia ematen du horrelako sariak jasotzeak. Egia esan, aspaldi ez nuen horrelakorik jasotzen. Azken finean, norberak egin duen sakrifizioa eta lortu dituen lorpenak aitortzeko oso era polita da. Horregatik, Udalari eskerrak eman nahi dizkiot", esan du txirrindulariak.

Espainiako eta Europako txapelduna da Albizu. L'Alcoran (Castellonen)egindako lasterketan Estatutuko onenaren titulua eskuratu zuen azpeitiarrak. 200 kilometroko ibilbidea egin zuten txirrindulariek, eta Albizu izan zen azkarrena, 09h51:41 denborarekin. Guztira, 950 txirrindulari baino gehiagok hartu zuten parte proban. Ez zuen espero irabaztea baina emaitza ezin hobeak lortu zituen. "Irabaztea beti da zaila. Ondo aurkitu nintzen".

Berriro ere lasterketa on bat egiteko esperantzarekin joan zen Vall d'Aranen (Lleidan) estreinakoz jokatzen zen BTT-ko Europako Txapelketara. "Faktore asko izan behar dira kontuan, erorketak, eta mila gauza. Komeria asko izan nituen. Hirutan lehertu zitzaidan gurpila. Hala ere, zortea izan nuen, gertu izan nituelako erroberak aldatzeko kontrolak. Goitik behera gurpila zulatuta 7 kilometro egin eta gero, aldatu ahal izan nuen. Karreran sartu eta erremontatu egin nuen". 213 kilometroko eta 6.200 metroko gorabehera duen ibilbidea burutu zuen eta 10h18:18ko denbora behar izan zuen guztira.

Aurretik bitan bigarren amaitu zuen proba hau eta hirugarrenean heldu da garaipena. Aurrera begira, ez dauka atseden hartzeko asmorik txapeldunak. "Uztailaren 15ean Austriara joango naiz, 220 kilometroko proba batera eta 7.000tik gorako desnibelarekin eta 22tik 29ra Italian ibiliko naiz, Ironbikean. Aurrez bitan-edo bigarren sailkatu naiz eta ea zerbait egiteko aukera daukadan".

Garbi du Albizuk, "lortutakoa lortuta dago" eta orain ahal duen gehiena "disfrutatu" behar du. Beste bi proba hauetan parte hartu ostean, abuztuan atseden hartzeko asmoa du.

Aita beti alboan

Datozen probetan ere jarraitzailerik finena izango du alboan, aita hain zuzen ere. Jose Luis semeak parte hartzen duen ia lasterketa guztietan izan ohi da. Bera da Josebaren jarraitzailerik sutsuena, familiako beste kideez gainera, "alboan izaten dut beti eta babes handia ematen dit", dio Josebak. Inori eskain-tzekotan "berari, aitari, eskaini nahi dizkiot garaipenak".

Fotos

Vídeos