San Inazio egunari ohore Azpeitian

San Inazio eguneko prozesioa, Izarraitz Txistulari elkartekoen, Inazio Deunaren biziaren pausoak eramaten dituzten haurren eta herritarren atzetik, patroiaren irudia.
San Inazio eguneko prozesioa, Izarraitz Txistulari elkartekoen, Inazio Deunaren biziaren pausoak eramaten dituzten haurren eta herritarren atzetik, patroiaren irudia.

Herritarrek ez zieten hutsik egin goiz-goizetik hasitako ekitaldi erlijiosoei eta ondorengo ospakizunei. Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko ordezkarien bisita jasoko du gaur Azpeitiak eta bakailo txapelketa ere izango da, besteak beste

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Egun handia ospatu zuen atzo Azpeitiak. San Inazio eguna izanda herritar ugarik hartu zuten parte festetan han eta hemen egindako hainbat ekitaldietan, adin eta gustu desberdinetako ekimenak izan baitziren.

Goizean goiz udal musika bandaren doinuak nagusitu ziren. Hamarretarako prest ziren Unai Frantsesenaren neska mutilak udaletxe azpian, korporazioarekin batera parrokiaruntz abiatzeko. Behin musika banda abiatuta, zertxobait beranduago, Izarraitz txistulari taldearekin batera -eta doinuek ez elkarri gaina hartzeko-, Udal Korporazioa abiatu zen. Eneko Etxeberria buru zela, Parrokiara bidea osatu zuten, Eliz kalean zehar. Behin eliza atarian, alkateak amaitutzat eman zuen pasiara (ekitaldi zibikoetan besterik ez baitu partzen eta ez erlijiosoetan).

Dozenaka herritar, bitartean, zain zeuden parrokia atarian, Inazio Deunaren irudia ikusteko. Loiolatarrek ez zuten hutsik egin beste behin eta patroiaren eta Ama Birjinaren irudia prozesioan atera zituzten. Tartean, bazen aurpegi berririk ere, izan ere tradizioari jarraitzen diete Loiolakoek. Bertan ziren Iñigo eta Andoni Arregi, Unai Iparragirre, Luis Angel Odriozola, Iban Olaizola, Jose Kerejeta , Jon Uranga eta Josu Aranguren eta San Inazio eta Ama Birjinaren irudiak urteroko ohiturari jarraituz bizkarrean atera zituzten Alde Zaharreko kaleetan.

Santuaren bizia irudikatzen duten pausoak zituzten aurretik eta Inazio Deunaren ereserkiaren doinuekin igaro zituzten kaleak Musika Bandaren eta Izarraitz Txistulari taldearen doinupean.

Jose Ignacio Munilla Donostiako Elizbarrutiko gotzaina ere Azpeitian zen eta alboan izan zituen besteak beste, Kepa Susperregi parrokoa, Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitateko erretorea edo Jose Migel Arregi jesuita azpeitiarra.

Parrokiako eta Julian Barrenetxeako abesbatzek Jose Mª Altunaren Olazko Amari Meza eskaini zuten, Javier Alberdiren zuzendaritzapean. Organoan Mikel Arenas aritu zen eta alboan, laguntzaile gisa izan zituen baita ere Ander Etxabe eta Ignacio Arakistain.

Behin meza amaituta, Zezen Beltz elkarteak antolatutako zezen txikien entzierroa eta jolasak, Musika Bandaren kontzertua, Urolatarrak txaranga edo txomingeroak izan ziren goizean zehar. Arratsaldean, berriro ere zezenak izan ziren Donejakuen, zezenketak ahaztu gabe. Haur jolasek ere Plaza hartu zuten eta pilota partidak eta kontzertuak ere izan ziren.

San Inazio bigarrena

Gaur, San Inazio bigarrena, Eusko Jaurlaritzako eta Diputazioko agintariei harrera egingo zaie (10:15). Loiolan meza ospatuko da 11:00etan eta ordu berean, X. Bakailao Lehiaketa hasiko da plazan.

12:30ean, Elizkaletik Donejakue kalera bitarteko bigarren entzierroa egingo da. Behin bakailo lehiaketa amaituta, bertso bazkaria izango da azoka plazan, eta Mus Txapelketari tartea egingo zaio 16:30ean, Sanagustinen (izenematea kulturgunean bertan egin behar da).

Ondoren, 17:30etik aurreta, Go!azen dantzatu eta abestera, Perez Arregi plazara. 18:00etan, zezen txikiak izango dira Donejakuen. Aldiz, Plazan, 18:30ean hasita, Ekain Txou eta bere lagunak daude. Frontoi txikian, emakumezkoen pilota partidak izango dira. Gauean, Passepartout, Gatibu, Egur eta Kitto edota DJ Komando Klitorixen kon-tzertuek luzatuko dute festa. Goizaldera, Incansables txarangak alaituko ditu kaleak.

Temas

Jaiak

Fotos

Vídeos