Ikastaroak eskainiko ditu IMH-k Azpeitian, Udalarekin egindako akordio bati esker

Udaleko eta IMH-ko arduradunak, Basozabal aurrean. /  E.A.
Udaleko eta IMH-ko arduradunak, Basozabal aurrean. / E.A.

Otsailean hasiko ditu formakuntza saioak Elgoibarko IMH Makina Erremintaren Institutuak eta Basozabalen izango dira eskolak

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Udalak formazioaren alorrean aurrera egiteko apustu berri bati ekin dio. Akordioa sinatu berri du Elgoibarko IMH Makina Erremintaren Institutuarekin. Honela, lau urterako sinatu dute hi-tzarmena estrainekoz. Basozabalen izango dira ikastaroak eta aurrera begira emango dute egitarauaren berri arduradunek. Akordioa sinatzeko ekitaldian izan dira Eneko Etxeberria alkatea, Ixaka Egurbide IMHko zuzendaria, Fermin Lazkano IMHko enpresa eta formakun-tza arduraduna, Edurne Zubia Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduraduna eta Ainara Larrañaga Azpeitiko Udaleko zinegotzia.

Formazioa gaur egun gauzak aldatzeko balio digun «tresna garran-tzitsua» dela adierazi zuen Etxeberria alkateak sinadura ekitaldian. Udalak Deustuko Unibertsitatearekin, UEUrekin akordioak sinatu ditu azken urteotan edota bere ikastaro propioak antolatu ditu. IMHrekin akordioa «bereziki baloratu» du alkateak, «gure udalerriko aktibitate garrantzitsua delako industria». Duela bi urte eskualdean egindako mapa industriala ekarri zuen gogora Etxeberriak. «Hor detektatu genuen gure aktibitatea ekonomiko garrantzitsua zela makina erreminta. Formazioa eta ikastaroak eskainiz arlo hori indartu nahi dugu».

Bestalde, akordioa «hasiera bat besterik» ez dela ere azpimarratu zuen Etxeberriak.

Ixaka Egurbide IMH-ko zuzendariak emandako aukera eskertu ondoren, formazioa giza garapenean «funtsezkoa» dela esan zuen eta fisikoki Elgoibarren egonagatik, Azpeitiarekin eta hemengo enpresekin «harreman zuzena» dutela gaineratu zuen.

Fermin Lazkanok, bestalde, ikasteko aukera «hurbil» izatea eskaini nahi dietela herritarrei esan zuen. eta «amaitu dira lanbidea bizi osorako edukitzeko aukerak», esan zuen. «Eskolak gerturatzea, enpresen tokietara joatea eta erantzuteko beharrak aztertzea» azpimarratu zuen, eta akordioa «oso garrantzitsutzat» jo zuen.

Amaitzeko, Edurne Zubiak akordioa sinatu arteko bidea «luzea» izan dela baina «bide berri bat zabalduko» dela eta zentzu horretan «oso pozik» daudela esan zuen.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos