Ur hornidura sarea berritzen ari dira Nuarben eta «epe motzean» amaitzea espero da

Nuarbeko lanak /  UDALA
Nuarbeko lanak / UDALA

AZPEITIA.

Ur hornidura sarea egokitzeko lanetan ari dira Nuarben. Udalak adierazi duenez, «epe motzean» izango dira lanak amaituta eta nuarbetarrek ur hoditeria guztia «garbituta eta egokituta» izango dute. Izan ere, Udaletik esan dutenez, «azken hilabeteotan beste hainbat neurri ere hartu dira egoera bere onera ekartzeko». Nuarbeko hainbat etxetako iturrietatik ur zikina irteten zela eta, egoera konpontzeko hainbat proba egin ditu Udalak urteetan zehar, baina ez zuten lortu arazoa konpontzerik. Gaur gaurkoz, eta urtea hasi zenetik, ordea, «arazoa konponduta» dagoela adierazi dute udal arduradunek.

Udalak Beizamako ur gordailutik bideratu du ura Nuarbera azken hilabeteotan. Ur gordailu propioa du Nuarbek eta arazoa bertan egon zitekeelakoan bideratu zen ura Beizamako depositotik. Era berean, Nuarbeko ur hoditeria nagusia garbitu, purgatu eta egokitzen ari da hilabete hasieratik, Gipuzkoako Urak agentziarekin batera.

Behin lanak amaituta, 2019an, Nuarbe ur sare nagusira lotzea da Udalaren helburua. Hori egiteko eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiarena dela azpimarratu du Udalak eta helburu horrekin «zenbait bilera egin direla» ere aurreratu du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos