Hiru ikastaro berri eskainiko ditu Udalak Deustuko Unibertsitatearekin batera

Unibertsitateko eta Udaleko arduradunak./
Unibertsitateko eta Udaleko arduradunak.

Baigeran izango dira denak eta dagoeneko izena emateko epea zabalik dago

ELI AIZPURU AZPEITIA.

«Formakuntzaren bidez herritarrak hezteko» helburuarekin , Udalak Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean Ikastaro berriak eskainiko ditu. Honela, Larrialdi juridikoetarako botikina, Negozio baten garapenerako erreminta digitalak eta Sormen lidergotzari buruzkoak izango dira eskolak.

'Larrialdi juridikoetarako botikinarekin' eguneroko bizitzako egoera errealetan zuzenbidearen beharra dagoenerako tresnak jarri nahi zaizkie eskura parte hartzaileei. Egoera horiek «edozein momentutan agertu daitezke, eta sarritan babesik gabe sentitzen gara eta eran-tzunen beharra izaten dugu», azaldu dute antolatzaileek. Jorratu beharreko gaien aukera pertsonalizatuta egongo da, «klasekoen interes eta lehentasunetara egokituta».

Honako gaiak landuko dira: testamentuak eta herentziak; ezkon-tzaren araubide ekonomikoa likidatzeko prozesua; auzotarren elkarteko arazoak; kontsumoko eta bidaia konbinatuetako gatazken erreklamazioa; aseguruekin eta eran-tzukizun zibilarekin zerikusia duten gaiak; etxeko lanak egiteko kontratazioaren inguruko zalantzak; ondarea kapitalizatzeko bideak: hipoteka alderantzikatua eta antzeko figurak; edo higiezinak denbora partekatuan erabiltzeko aukerak, besteak beste.

Asteazkenetan izango dira saioak, 16:30etik 18:30era, urriaren 25ean hasi eta abenduaren 13a bitartean.

Bigarren ikastaroak 'Negozio baten garapenerako erreminta digitalak: Facebook eta Twitter' izango du gaitzat. «Teknologia berriek erabat aldatu dute gure eguneroko bizimodua» eta sare sozial erabilienak ezagutzea eta norbere marka ezagutarazi edo ikusarazteko erremintak ezagutzea izango da ikastaro honen helburua. Ekintzaile, langabetu, merkatari eta profesionalei zuzendutako eskolak izango dira, astelehen eta asteazkenetan 14:30etik 16:30era. Urriaren 30ean hasi eta 29ra bitarteko iraupena izango du.

Lehen bi ikastaro hauetan izena emateko epea urriaren 20an amaituko da. Baigerako laugarren solairuan eskainiko dira biak ala biak.

'Sormen lidergotza. Aukera berriak sortzen ikasten' Ikastaroaren helburua da «sormena baliabide original eta erabilgarria bihurtzea, lidergotzarako sormena erabilgarri egitea, lan mundurako aukera berriak sortzea, norbere konfiantza handitu eta erabakitze ahalmena handitzea eta gatazkak sormenaren bidez konpontzea». Azaroaren 13an eta 14an izango dira saioak, 15:00etatik 19:00etara, Baigerako lehen solairuan. Izena emateko epea azaroaren 8an bukatuko da.

Prezioak eta izen ematea

Izena ikastaroak@azpeitia.eus helbidera e-posta bidaliz edo Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailarekin harremanetan jarrita eman daiteke (udaletxeko 2. solairua). Prezioei dagokionez, Tresna digitalen eta Larrialdi juridikoen ikastaroa 16,8 euro izango da Azpeitian erroldatutakoentzat (besteentzat 21 euro), eta Lidergotzakoaren prezioa 8 euro izango da (erroldatu gabeentzat 15, 04 euro).

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos