Hiru bikote azpeitiar izango dira igandean Master Cup txapelketan

Ohiana Orbegozo, Alaitz Badiola, Oihana Unanue, Nagore Aramendi, Maddi Unanue eta Naroa Agirre. /  E.A.
Ohiana Orbegozo, Alaitz Badiola, Oihana Unanue, Nagore Aramendi, Maddi Unanue eta Naroa Agirre. / E.A.

Emakumeen arteko eskuz binakako finalerdiak jokatuko dira eta promozio mailako lau bikotetatik hiru dira herrikoak

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Emakume Master Cup eskuz binakako lehen mailako eta promozio mailako txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte igande honetan, 11:30ean hasita, Oñatiko Zubikoa pilotalekuan. Promozio mailari dagokionean, bi izango dira partidak eta horietatik hiru bikote azpeitiarrak dira; bost azpeitiarrak eta bat, Naroa Agirre, Arroa Goikoa da, Azpeitian entrenatzen badu ere. Maddi Unanuerekin jokatzen du txapelketa honetan Naroa Agirrek, Ohiana Orbegozo Alaitz Badiolarekin ari da eta hirugarren bikotea Nagore Aramendik eta Oihana Unanuek osatzen dute.

Aste honetan bertan jakin dute nola gurutzatuko diren finalerdi hauetan eta seguruena gauza bat da: azpeitiar bikote bat behintzat finalean izango dela.

Alaiz Badiolak eta Ohiana Orbegozok Maddi Unanue eta Naroa Agirreren aurka jokatuko dute. Bestalde, Nagore Aramendik eta Ohiana Unanuek Amaia Vicario donostiarra eta Ainhoa Urien izango dituzte aurrez aurre.

42 bikote izan dira lehian eta gustura dago seikotea honaino iristeaz. Elkarrekin entrenatzen dira Perdillegiko pilotalekuan -Izarraitz frontoia obretan baita- eta han egin dugu topo beraiekin. «Onerako edo txarrerako», dio Alaitzek, «denak ezagutzen gara eta badakigu elkarren jokoaren berri», «askotan arazoa da geuk egiten ditugula okerrak», gaineratu du Nagorek.

Emakumeen Txokoan antolatu ziren estreinakoz pilotan jokatzeko. 2016ko saninazio jaietan hasi ziren pilota partidak jokatzen, eta ondoren, 2017 hasieran Master Cup txapelketa jokau zuten lehen aldiz. Bada zerbait. Beste herri askotan ordezkari ugari dituzte, «hemen ez gara asko eta ez daukagu ez entrenatzailerik edo antzekorik baina aurrera egin dugu», diote. «Txikitan pilotan asko aritutakoak gara eta orain hori igarri egiten da frontoian. Orain, estiloa, kokapena, sakea ezberdinak dira, atzeman egiten da», azaldu du Alaitzek.

'Pena' bakarra, hiru bikotetik bik finalerdietan elkarren aurka aritu behar izatea da. Hala ere, bikote bat finalean izango da eta alde onetik begiratzen dute lehia. «Ez gara oraindik finalean pentsatzen jarri», dio Nagorek. «Geure artean finalerdietara iristea ere, asko da». «Gutako bikote batek irabazi edo galduko du», esan du Ohiana Orbegozok. Ondorioz, bikote bat behintzat, ziur, finalean izango da. Hilaren 25ean jokatuko da azken lehia, Astelena pilotalekuan, «Astelenan jokatzea bakarrik saria da gure- tzat», etorri dira bat Ohiana eta Nagore.

ETBk zuzenean eskainiko ditu bai finalerdiak eta baita finala ere. Kamerak «errespetua» ematen dietela diete. Hala ere, «aurretik badakizu kamerak egongo diren ala ez eta oraingoan ere jakina da baietz, eta aurrez barneratuta daukazu», dio Ohianak. Horrelako lehiatan ordea, jende kopuru handiagoa izan ohi da frontoian «eta horrek ematen du errespetu gehien», dio. «Ikusleen aurrean itxura ona eman nahi duzu eta askotan okerrago egiten duzu dena».

Beraz, gutxi falta da Emakume Master Cup eskuz binakako finalistak ezagutzeko. Agian, azpeitiarren arteko lehia izango da hilaren 25ean Astelenan ikusiko dena. Nork daki!

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos