«Gazteei tartea» egingo dio aurtengo San Jose Trikiti jaialdiak

Jaialdia antolatu duten trikitilariak eta kultura batzordeburu Josu Labaka. / E.A.
Jaialdia antolatu duten trikitilariak eta kultura batzordeburu Josu Labaka. / E.A.

Datorren zapatuan izango da, Soreasu antzokian, 17:30ean hasitaAzpeitin sarrerak agortu badira ere, interesatuek trikitixa elkartera dei dezakete erreserba egiteko

ELI AIZPURU AZPEITIA.

San Jose egunean edo dataren inguruan ospatu ohi da urtero Azpeitian San Jose Trikiti jaialdia eta badira jada 28 urte herriak trikitiaren inguruko jaialdiari leku egiten diola. Zapatu honetan, martxoaren 17an, 17:30ean hasita, izango da aurten azken urteetan ohi bezala, Soreasu antzokian.

Atzo udaletxean egindako aurkezpenean bat etorri ziren partaideak Azpeitiko Udalari jaialdiari eman ohi dion garrantzia eskertzerakoan. Bertan ziren Euskal Herriko Trikiti Elkarteko Maider Jauregi eta Andoitz Antzizar eta jaialdiaren antolaketan aritu ohi den lan taldeko Aitziber Otegi eta Eugenio Gisasola 'Lutxurdio'. Haiekin batera, udaleko kultura batzordeburu Josu Labakak hartu zuen hitza eta trikitiak «eskualde honetan duen garrantzia» goraipatu zuen, bertan sortu den Trikigiro elkartearen inguruko «iniziatiba berriak eta etorkizunera berrira, lanketa berriak» gogora ekarriz.

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak urtean zehar trikitiaren inguruko hainbat ekitaldi antolatu ohi du eta San Jose Trikiti Jaialdia da egitarauko zitarik garrantzitsuenetariko bat. Urteetan zehar «adin jakin bateko edo urteetan trikiti munduan aritutako jendearekin osatu dugu jaialdia. Oraingoan, gazteei egingo diogu tartea», azpimarratu zuen Aitziber Otegik.

28. San Jose Trikiti jaialdiak zazpi saio izango ditu. Eneko Arbeo azpeitiarrak eta Mireia Ibarbe bergararra izango dira lehen partaideak. Elkarrekin bospasei txapel irabazi dituzte; azkenak Euskal Herriko Trikitilari Gazteen 37 txapelketan, Zeanurin, eta Zarauzko Trikitilari gazteena.

Soinua eta panderoa

Obanekue taldea izango da hurrena. Tartean da Saioa Lizarralde azpeitiarra, gaur egun trikiti irakaslea ere bada Obanekue taldearen partaide izateaz gain. Berarekin batera, Maddalen Arzallus hendaiarra; Harkaitz Allur zarauztarra eta Guillermo Sanz madrildarra ariko dira.

Ansorregi eta Larrañagaren soinua eta panderoa ere Soreasuko taula gaineran izango dira. Jon Ansorregi eibartarra urte askoan bizi da Azkoitian eta erromeriz erromeri ibiltzeaz gainera, 'Laxok' eta 'Xukan' taldeetako kide ere izana da lagun Andoni Larrañagarekin batera.

Joxe Mendizabal soinujolearen tartea izango da hurrena. Bi disko ditu kaleratuak Mendizabalek eta musikaria da lanbidez.

Astiasaran II.a eta Andonegik eskainiko dute beste saioa. Imanol Goikoetxea Astiasaran osaba Luis Astiasaranekin hasia da erromerietan eta gaur egun Unai Andonegirekin aritzen da. Hainbat txapelketa irabazi ditu azken honek.

Jaialdiko trikitilari beteranoena, Tomas Soraluze 'Epelde' edo 'Porrue', Eugenio Gisasola 'Lutxurdio'rekin batera ikusteko eta entzuteko parada izango da.

Amaitzeko, Ttipika taldea igoko da taulara. Hiru musikari (Manex Torrealdai, Maitane Arteaga eta Josu Furundarena) eta dantzak gidatzen dituen dantzari batek (Aitor Agirrek) osatzen dute taldea eta plazaz plaza dabiltza hainbat kontzertu eskainiz.

Sarrerak

San Jose Trikiti Jaialdirako sarrerak herriko hainbat tabernetan jarri ziren martxoaren 9az geroztik. Azpeitiko salmenta puntuetan jada agortu dira txartelak. Hala ere, interesatuek txikitixa elkartera jo dezakete sarrera lortu ahal izateko. Emailez, trikitixa@trikitixa.eus helbidera idatziz, edo telefonoz 943 832828 zenbakira -goizez- deituta. Era batera edo bestera, noren izenean eta zenbat sarrera gorde behar diren zezhaztu beharko da erreserba egiterakoan. Egunean bertan, lehiatila 16:00etan irekiko da. Erreserba eginda dutenek 16:30ak baino lehen hartu beharko dituzte sarrerak, bestela, salgai jarriko dira. Sarrera bakoitzak 12 euro balio du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos