Europako mendietara irteera antolatu dute Lagun Onakoek

Uztailaren 15eko eta 16ko asteburuan egingo dute bidaia eta gehienez hogei pertsonek eman behar dute izena

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Lagun Onak Mendi Bazkunako kideek Europako mendietara (Picos de Europa) irteera antolatu dute uztailaren 15 eta 16rako. Zapatuan, uztailaren 15ean, 04:00etan autobusez irtengo dira anbulatorio aurretik Kantabria aldera.

Ibilaldiari dagokionez, Espinama herritik (867m) irten eta Alivako aterpera (1670m) igoko dira estreinako, eta handik Sotres herrira (1050m) jaistea da asmoa. Guztira, 18 kilometro inguru izango ditu, eta Lagun Onakek azaldu duenez, «batere zailtasunik gabekoa» da. Bestalde, interesa dutenek Escamellau tontorra egiten saiatzeko aukera izango dute, 2067metrokoa. Erabaki hori han bertan hartuko dute, «taldearen eta eguraldiaren arabera».

Gaua Sotreseko Peña Castil aterpetxean igaroko dute, eta igandean beste ibilaldi bat egiteko asmoa dute. «Goizean goiz» irtengo dira Sotresetik, eta Puente Poncebosera (200m) joango dira. 13 kilometrotako «ibilaldi erraza» da bigarren egunerako prestatu dutena, «ia oso osorik goitik beheraka egitekoa». Puente Poncebosen itzulerako autobusa hartuko dute, eta etxerako bidean, bazkaltzeko, San Vicente de la Barqueran geldialdia egingo dutela aurreikusten dute antolatzaileek.

Ibilaldian izena emateko azken eguna uztailaren 10a da eta gehienez 20 pertsonek eman dezakete izena Lagun Onak Mendi Bazkunaren webgunean. Lagun Onak MBko bazkideek 60 euro ordaindu beharko dute; langabe eta ikasleek 45 euro eta gainerakoek 70 euro. Prezioan sartzen dira joan-etorria, igaroko duten gaua, afaria eta gosaria.

Fotos

Vídeos