Espainiako Txapelketan dira Oihana Goenaga, Iñaki Etxeberria eta Maitane Goenaga igerilariak

Iker Aizpuru, zutik, lehen ilaran, ezkerretik bigarrena. /  IZARRAITZ I.E.
Iker Aizpuru, zutik, lehen ilaran, ezkerretik bigarrena. / IZARRAITZ I.E.

Bestalde, Izarraitz Igeri Elkarteko beste bi ordezkari, Uxue Etxeberria eta Iker Aizpuru, gustura bueltatu dira euren konpromisoetatik

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Bihartik asteazkenera bitartean, Espainiako Absolutuen eta Juniorren Udaberriko Open Txapelketa jokatuko da Malagan. Bertan izango dira Oihana Goenaga, Iñaki Etxeberria eta Maitane Goenaga Izarraitz Igeri Elkarteko kideak. Nazioarteko 611 igerilarik hartuko dute parte, beraz, azpeitiarrek aukera izango dute ospe handiko igerilariekin lehiatzeko.

Honako proba hauetan hartuko dute parte: Oihana Goenagak (1999), 100 metro libre proban; Iñaki Etxeberriak (2001), 50 metro libre eta 100 metro libre probetan; eta Maitane Goenagak (2002), 50 metro libre, 100 metro libre, 200 metro libre, 400 metro libre eta 100 metro bizkar probetan.

Streaming bidez zuzenean ikusi ahal izango da txapelketa.

Lau domina Iker Aizpuruk

Bestalde, Iker Aizpuru, Izarraitz Igeri Elkarteko kideak Igeriketa Egokituko Espainiako Absolutuen Txapelketan parte hartu du Euskadiko selekzioarekin. Castellongo La Salera igerilekuan jokatu da txapelketa. Igerilari azpeitiarra absolutu mailan aritu zen eta emaitza onak lortuta etorri da Azpeitira, izan ere, lehiatutako proba guztietan marka pertsonalak gainditzea lortu du Aizpuruk. Honela, brontzezko lau domina eskuratu ditu igerilari gazteak. 3 bakarkako probetan, S10 mailan; 50 bular, 100 bular eta 200 estilo proban. 4×100 libre erreleboetan ere brontzezko domina eskuratu du, Euskadiko taldearekin.

Uxue Etxeberria, Pontevedran

Azkenik, Uxue Etxeberria Pontevedran izan da, Espainiako infantil mailako Neguko Txapelketan. Azken asteetan hitzordu honetarako aritu da prestatzen eta, emaitzak ikusirik, entrenatzailea eta igerilaria gustura etorri dira etxera. «Espainiako txapelketetan izugarrizko maila egoten da eta oso zaila da aurreko postuetan ibiltzea. Hala ere, Pontevedrako txapelketara joatea, denboraldian zehar gogor eta gogoz lana egitearen saria izan du Uxuek», adierazi dute igeri elkartetik.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos