«Eraso sexistarik gabeko» festen alde kanpaina abian ipini da

Udaleko eta Haujijijai festa batzordeko kideek elkarlanean abiatu dute eraso sexisten aurkako kanpaina berria. / E.A.

Udalak eta Haujijijai batzordeak eraso sexisten aurkako protokoloa martxan jarri dute

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Azpeitiko Udalak eta Haujijijai festa batzordeak eraso sexisten aurkako kanpaina elkarlanean burutu dute. «Baliabideak jarrita egin behar zaio aurre 'kantzer' honi», adierazi du kanpainaren aurkezpenean Eneko Etxeberria alkateak.

Alkatearen esanetan, «indarkeriarik gabeko herria nahi dugu eta horretarako urte osoan hainbat proiektu eta ekimen landu ditugu». Hala ere, Zarauzko gertakaria ekarri zuen gogora alkateak, «izan ere, badakigu, herriko festetan erasoak eta batez ere eraso sexistak, biderkatu egiten direla». «Dena libre da» kultura zabaltzen dela zioen Etxeberriak baina «norbaitek Azpeitian festetan araurik ez dagoela uste badu, oker dabil oso», gaineratu zuen. E raso sexistarik gabeko festak aldarrikatu zituen Etxeberriak, «guztiok gustura, libre eta seguru biziko ditugun festak». Nahiz eta eraso horiek gehien bat emakumeek pairatzen dituzten, genero arauak betetzen ez dituzten kolektiboen, hau da, gay, lesbiana, transexual, intersexual eta bisexualen kontrako erasoak ere «baztertu» egiten dituztela esan zuen..

Haujijijai festa batzordeak egiten duen lana eskertu zuen eta baita «elkarlanerako erakutsitako prestutasuna» ere.

Iazko kanpainaren balorazio positiboa egin ostean, aurten ere «prebentzioa, arreta eta erasoen» aurrean eman beharreko erantzunaren inguruan egin beharrekoa zehaztu dute eta iazkotik abiatuta, prest da jada saninazioetarako kanpaina.

Iazko esperientziatik abiatu badira ere kanpaina berri honetan, «pauso bat aurrera» egin nahi izan dutela aipatu zuen Leire Etxaniz zinegotziak. Hala, tabernak edo txosnak erasoak gerta daitezkeen guneak izanik «lanketa berezia» egin dute zerbitzariak ere eragile aktibo bihurtuz eta «erasoren bat gertatzen ari dela uste dutenean zein jarrera hartu azaltzen duen esku-hartze protokoloa banatu zaie».

Bestalde, aurtengo kanpainak izango dituen berezitasunak ere azaldu zituen Etxanizek. Honela, «prebentzioari» garrantzia eman zaio, horregatik, «sentsibilizazio, formazioa eta informazioan» sakondu nahi izan da. Hala, 'Ez, da ez' kanpainaren inguruko kubo erraldoiak kokatu dira herriko bi lekutan, esaterako, eta festak irauten duten hiru egunetan, informazio gune bat izango da Plaza txikian, «arratsaldetik goizaldera arte».

Etxanizen esanetan, «berehalakotasuna» ere garrantzitsua izango da eta «edozein erasok berehalako erantzuna izango du», beti ere «erasotuaren erabakia errespetatuko da».

Era berean, «erasotzaileak baztertzea» eskatu zuen udal ordezkariak eta egiazko informazioa erabiltzeko deia egin zuen. «Kalean ohikoak diren txutxumutxuek ez dute laguntzen», esan zuen. Horren harira, Udalak «informazioa jaso, erasotuarekin eta bere familiaren harremanetan jarri eta erantzun egokia emateko» konpromisoa har-tzen du Udalak.

Haujijijai festa batzordeak ere urte asko daramatza festetan eraso sexisten aurre hartzeko kanpaina lantzen. «Hiru norabidetan» egin duten lanketa azaldu zuten festa batzordeko kide Leire eta Miren Arrietak. «Prebentzio, arreta eta erantzuna», aipatu zituen Leirek.

«Ezetza beti ezetza da», esan zuen, amaitu baino lehen eta «gure festetan ez dugu inolako erasorik onartuko» gaineratu zuen Leire Arrietak. Aldi berean, Udaletik, herritarrei erasoen aurreko»jarrera aktiboa» eskatu diete.

Fotos

Vídeos