«Emakumeen futbola indartzeko» helburuarekin, deialdia luzatu du Lagun Onakek

AZPEITIA.

Lagun Onak Futbol Taldeak dei berezia egin die 2004 eta 2005. urteetan jaiotako neskei, infantil mailan jokatzera anima daitezen. «Emakumeen futbola indartu» nahi du Lagun Onakek. Hori dela eta, «futbola gogoko duten neskei zuzenduta» deialdia luzatu dute.

«Gutxienekoa da maila ona izatea edo ez izatea. Garrantzi gehiago ematen diogu futbola maitatzeari eta futbolean giro atseginean aritzeko gogoa edukitzeari», esan du futbol taldeak. Lagun Onakek emakumeen futbola indartzeko «apustu sendoa» egin nahi duela azpimarratu du. «Iruditzen zaigu, kirolean ere gaztetxoek, izan mutilak izan neskak, aukera berdina eduki behar dutela, eta horretarako aukera errealak eman behar zaizkiela».

Bost talde ditu Lagun Onakek: seniorrak, kadeteak, infantilak, eta futbol eskolan diharduten bi taldeak: alebinak eta benjaminak. Talde kopurua handitu eta aurrera begira jubeniletan ere taldea osatu nahi du klubak. «Apustua egin nahi dugu neska eta mutilen aukera berdintasunean», azpimarratu du futbol taldeak.

Beraz, Lagun Onak taldeko infantil mailan futbolean jokatu nahi duten neskek, astelehenetik ostiralera bitartean izango dute deialdian izena emateko aukera.

Horretarako, interesa dutenek Lagun Onakek Garmendipe futbol zelaian duen bulegora hurbildu beharko dute, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara bitarteko ordutegian.

Fotos

Vídeos