Dinamoa, Soreasuko sormen gunearen behin betiko proiektua aurkeztu du Kultur Mahaiak

Kultur Mahaiko eta Udaleko kideak sormen gunea definitzeko egindako azken batzarrean. / E.A.

AZPEITIA.

2015eko udazkenean Azpeitiko Udalak Soreasuko eraikinean sormen gune bat martxan jartzeko asmoa azaldu zuen, Azpeitiko kultur mugimendua «indartsu eta antolatuta» dagoela ikusita. Sormen gunearen proiektua osatzeko foroa Kultur Mahaiak izan behar zuela iritzi zion; Kultur Mahaiak publiko orokorrarentzako espazio falta identifikatu eta hau lantzeko beharra azaldu zuen jadanik 2013ko bazkideen urteko ohiko batzarrean, Udalaren proposamenari heldu zion.

Parte hartze prozesuari ekin zion orduan Kultur Mahaiak, Udalarekin elkarlanean, herriko kultur taldeen, bestelako eragileen eta norbanakoen nahiak eta beharrak ezagutu asmoz. Urte eta erdi inguru iraun du honek, eta bertan zehaztu dira sormen gunearen helburu eta oinarriak. Kultur Mahaiko taldeen eta norbanakoen onespen zabalarekin onartu eta aurkeztu dute behin betiko proiektua.

Parte hartze prozesua aurrera zihoan bitartean, sormen guneko espazio bat martxan jartzea erabaki zen, besteak beste, komunitatea osatzen joateko. 2016ko azaroan ireki zen Dinamoa, eta ekitaldiak, tailerrak, aurkezpenak... egin dira bertan. Horrez gain, lanerako tokia ere hartu dute herriko zenbait talde eta norbanakok.

Sormen gunearen oinarriak

Soreasu eraikineko 0 solairuan (egungo Dinamoan) eta lehenengoan kokatuko da sormen gunea eta eremuka antolatuko da: arte eszenikoak, hitza, irudia eta soinua. Lanerako tokiak izango dira, guztienak eta irekiak, eta talde zein norbanakoek izango dute bertan tokia. «Sormena sustatu eta babestea», da asmoa, horretarako, sortzaileen komunitatea indartuz, formazioa eta lanerako tokia eskainiz, diziplinen arteko nahasketa eta elkarlana sustatuz eta transmisioa bultzatuz.

Eremu bakoitzak antolaketa propioa izango du kideen esku egongo da. Horrez gain, dinamizatzaile bat izango du, proiektuaren jarraipena eta koordinazioa egiteko. Azkenik, Udalak, Kultur Mahaiak eta dinamizatzaileak osatutako zuzendaritza batzorde bat egongo da, irizpide orokorrak zainduko dituena.

Sormen gunean tokia izan nahi duen orok, izan talde zein norbanako, bere proiektua aurkeztu beharko du: zer egin nahi duen, zer espazio eta material behar duen, zenbat denboraz erabiliko duen... Proiektua aurkezteko ez da epe edo deialdirik egongo, hau da, eskaerak nahi direnean egin ahalko dira.

Proiektu teknikoa abian

Sormen gunearen proiektua osatzearekin batera, exekuzio proiektua osatzen hasiak dira Udala eta Kultur Mahaia, horretan diharduen enpresa batekin. Proiektuak jasoko du eraikinaren nondik norakoa (banaketak, sarrera-irteerak, materiala... Urte amaierarako egin eta 2018ko aurrekontuekin sormen guneko obrei ekitea da Udalaren asmoa.

Fotos

Vídeos