Deustuk, IMHk eta Nabarraldek hainbat ikastaro eskainiko dituzte Azpeitian

Hauen bitartez, lan mundura bideratutako eskaintza tekniko zehatza eskaini nahi da herrian

AZPEITIA.

Azpeitiko Udala formazio ikastaroak eskaintzen dituen udal bakarretako da Gipuzkoan «herria etorkizunerako prestatzeko eta eraldatzeko» helburuarekin. Hala azaldu du IMH Makina erreminta Institutuarekin egindako azken hitzarmenaren ostean Udalak antolatutako ikastaroak aurkezterakoan estitxu Elduaien Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak. Izan ere, esan du, «eraldaketa horretan ezinbestekoa da langabeziari aurre egin eta herritarrei etorkizuna eraikitzen laguntzeko herrian formazio eskaintzea, eta Azpeitiko Udalak eskaintza ahalik eta zabalena eta kalitatezkoa herrian bertan eskaintzeko esfortzu berezia ari da egiten».

Azken bi urteetan « aliantza estrategikoak» egin dira, herritarrek jasoko duten formakuntza oraindik gehiago indartzeko: «Pauso garrantzitsuak eman ditugu azken bi urteotan.Hala, lehenik Deustuko Unibertsitatearekin akordioa sinatu genuen, eta hitzarmen horren bidez lan mundura zuzenduriko zein garapen pertsonalerako ikastaroak antolatzen dira. Gainera, ikastaroa egiten dutenek titulua jasotzen dute. Eskaintza hau ematen duen Gipuzkoako lehen herria da Azpeitia. Eta Udako Euskal Unibertsitatearekin ere egin dugu hitzarmena. Elkarlan horren emaitza ere zenbait ikastaro eta jardunaldi arrakastatsutan bilakatu da», gaineratu du Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak.

Bide horretan, hitzarmen desberdinak sinatu ditu Udalak. Azkena IMH makina erreminta institutuarekin. Nabarralderekin, berriz, Euskal Herriaren historia ezagutzeko saioak antolatzeko apustua egin da. 16 ikastaro berri izango dira guztira; horietatik 13 izango dira IMHk eskainitakoak. Doan izango dira eta dagoeneko eman daiteke izena.

Baigerako 4. solairuan izango dira IMHk eskainitako ikastaroak. Fabrikazio teknologien arloko lau; metrologia arloko 2; IKT arloan beste bi ikastaro eskainiko dira; Industria antolaketa arloko beste bat; pertsonen arloan ere izago daeskaintza eta azkenik, diseinu mekanikoko beste hiru ikastaro ere izango dira aukeran. Interesatuek telefonoz eska dezakete informazioa eta izena eman, 943748266ra deituta edo ikastaroak@azpeitia.eus helbidera zuzenduta.

Destuko Unibertsitatearekin adostutako beste bi ikastaro ere izango dira. Bata 'Munduko erlijio handiak. Eta guri zer?' izenburupean; eta 'Etika esku.-hartze soziosanitarioan' bestea. Estrainekoa, Baigeran izango da eta izena emateko azken eguna apirilaren 9a da. 10etik aurrera hasiko dira klaseak. Bigarrenari dagokionean, apirilaren 10a da izena emateko azken eguna eta udaletxeko 5.solairuan eskainiko da kurtsoa.

Azkenik, Nabarralderekin batera antolatutako ikastaroan 'Zer dakizu Euskal Herriko historiaz' landuko da. Martxoaren 1etik aurrera izango da, Baigerako lehen solairuan. Otsailaren 27a baino lehen eman behar da izena. Ikastaroen informazio zehatza Azpeitiko Udalaren webgunean lor daiteke.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos