Curriculum propioarekin abiatuko du ikasturtea Udal Euskaltegiak

Labaka, Agirre, Zabaleta eta Beloki, Udal Euskaltegi aurrean. / E.A.

Gramatikaren garrantziaz haratago, ikaslea izango da protagonista eta ekintza eta egoera errealetan trebatuko dute

ELI AIZPURUAZPEITIA.

Matrikulazio kanpainan bete-betean da Udal Euskaltegia. Erronka berriekin ekingo dio gainera ikasturteari eta euskara ikasi edota hizkuntzaren ezagutzan gehiago sakondu nahi duen orori ateak zabaltzeaz gain, atez barrura ere erronka berriak dituzte bertako arduradunek. Horietaz hitz egiteko bildu ziren atzo Euskaltegiko zuzendari Aintzane Agirre, bertako langile Inge Beloki eta Olatz Zabaleta eta Josu Labaka, udal zinegotzia. Curriculum propioa eratu dute Euskaltegian. Horretaz arduratu dira Olatz eta Inge. Atzo bertan aurkeztu zuten dokumentazioa, «agian errazena, lan asko eman badigu ere, hori da, dokumentua. Hemendik aurrera, praktikan jarri beharko», azaldu zuten.

Baina zer aldaketa suposatuko du curriculum propio honek Udal Euskaltegiaren egunerokotasunean? Aurrera begirako erronken artean «ikaslea izango da protagonista. Idatzitako hori, eguneroko jardueretan, eskoletan, txertatzea izango da orain erronka», zioen Olatz Zabaletak.

Unidade didaktikoak sortuko dituzte orain metodologia berriarekin hasteko eta gramatikatik ekintzetara eta egoera errealetara igaroko dira. «Ikasleak dira ikasketa prozesuen jabe, eta, ahalegin horretan, gramatikatik ekintzetara egingo dugu salto. Ikasleei egoera eta ekintza errealak eta zehatzak azalduko dizkiegu, eta horiei aurre egiteko baliabideak eta tresnak eskainiko dizkiegu», dio Zabaletak.

Estrategiak eta ebaluazioak garrantzia izango du. «Ikaslea bera erdigunean jarriko dugu, eta bakoi-tzak bere ikasketa moduan hausnarketa egingo du. Irakaslearen eta ikaslearen arteko etengabeko elkarrizketaren bidez, ikasleek beraien prozesuan aurre dezaten nahi dugu. Norberak ahalegina egin beharko du bere ikaste prozesuan. Konpromisoa behar du izan».

Ikaslea «ekintza eta egoeretan» trebatuko da beraz, Euskaltegiko zuzendari Agirrek azpimarratu duenez.

Azken urteetan, ikasturtero, 150 lagun inguruk ikasi dute Udal Euskaltegian. Zentzu honetan, Azpeitia «udalerri berezia» dela esan zuen Josu Labaka zinegotziak, eta udal euskaltegiak euskalduntzearen inguruan emandako urratsak «lan tresna estrategikoak» direla. Herriko Euskaltegiaren berezitasunak ere azaldu zituen. Batetik «doakotasuna», izan ere, beka sistema propioa du; eta, bestetik, kanpotik datoztenei hizkuntza eta integraziorako «tresna sendoa da Euskaltegia», esan zuen.

Emaitzak azpimarratu nahi izan zituen baita ere. Izan ere, «euskaraz ikastea posible»dela erakusten dute emaitzek.

A1-etik hasi eta C2ra arteko maila guztiak eta Mintzapraktika zerbitzua eskaintzen ditu Udal Euskaltegiak, besteak beste. Ikasturtea hastear bada ere, norbaitek interesa balu, oraindik eman dezake izena.

Fotos

Vídeos