Bullyingaren inguruko egun osoko jardunaldia egingo da hilaren 24an

UEU-ko eta udal ordezkariak, aurkezpenean. / E.A.
UEU-ko eta udal ordezkariak, aurkezpenean. / E.A.

UEUk eta Udalak antolatuta, udaletxean eta Sanagustinen burutuko da eta familia, irakasle, gizarte-langile zein hezitzaileei zuzenduta daude

ELI AIZPURU AZPEITIA.

UEUk eta Udalak 'Bullyingaren mugak gainditzen' jardunaldia antolatu dute, bullyingaren gaiaren inguruan lan egiten duten agenteak bildu eta «komunitate moduan gai honetan nola eragin daitekeen» hausnartzeko asmoz. Topaketa azaroaren 24an, ostiralean, egingo da, udaletxeko 5. solairua eta Sanagustin kulturgunean partekatuz. Izena www.azpeitia.eus edo www.ueu.eus webguneen bitartez egin daiteke.

Matrikula eta dokumentazioarengatik (kafea eta bazkaria barne) 20 euro ordaindu behar dira. Aldiz, gazteek (18-30 urte bitartekoek), 15 euroko prezioa ordaindu beharko dute. Azpeitiarrentzat ere 15 euroren truke hartu ahal izango dute parte jardunaldietan. Plazak mugatuak dira, beraz, interesatuei lehenbailehen izena emateko eskatzen zaie.

Atzo aurkeztu zuten jardunaldia Iñaki Alegriak, UEUko zuzendariak; Eli Morenok, jardunaldietako psikologoak eta koordinatzaileak; eta Udaleko arduradun Estitxu Elduiaienek eta Leire Goenagak.

UEU eta Udalaren arteko elkarlanean «apustu sendoa» dela oraingoa nabarmendu zuen Gizarte Zerbitzuetako batzordeburu den Elduaienek. «Iaz bakegintzaren inguruan lehen jardunaldia antolatu genuen UEUrekin eta bullyingari buruzkoa izango da bigarrena. Hasitako bidea indartzera etorriko da jardunaldi hau, eta iaz bezalako harrera ona izatea espero dugu», esan zuen.

Ikastetxeetan eta gizartean arazo «larria» bihurtu da bullyinga eta horregatik aukeratu dutela adierazi zuen Hezkuntza batzordeburu den Goenagak. «Jardunaldiak gaia aditu desberdinekin eta puntu desberdinetatik lantzeko aukera emango digu, eta gai honen inguruan herriko ikastetxeetan egiten den lana gertutik ezagutzeko ere aukera izango da», esan zuen.

UEUren zeregina gai hau «eremu akademiko batean kokatzea» izango da. «Gure helburua da jardunaldi hauek ikasi, eztabaidatu, trukatu eta elkar aberasteko izatea», adierazi zuen Alegriak, UEUko zuzendariak.

Eli Moreno psikologoa arduratuko da jardunaldia koordinatzeaz. Bere esanetan, bullyingari aurre egiteko «komunitatearen inplikazioa» beharrezkoa da eta aurre egiteko helburua «estrategia desberdinak ezagutzea da, bai aprebentzio mailan baita detekzioaren ondoren ere».

Hiru eratako jarduerak egingo dira. Batetik, hitzaldiak, galdera-erantzunetarako tartearekin; mahai-inguruak, iritzi eta kontakizunak trukatzeko aukerarekin eta azkenik, tailerrak, norberaren intereseko arloan sakontzeko aukerarekin.

Familia, irakasle, gizarte-langile, hezitzaileei... gai honetan interesatuta dagoen edonork hartu ahal izango du parte. «Interesa duen edozein hurbildu daiteke, egitaraua zabala da, denon partaidetza bultzatuko da eta bullyingari aurre egiteko egiten ari denaren argazkia jasotzeko aukera izango da», gaineratu zuen Morenok herritarrak animatze aldera.

Jardunaldietako egitaraua harrera eta dokumentazio banaketarekin hasiko da, 8:30ean. Hasierako ekitaldi baten ondoren, non alkateak eta UEUeko arduradunek azalpenak emango dituzten, hizlari edo aditu desberdinen tartea izango da. Atseden txiki baten ostean, 12:00etan, mahai-ingurua egingo da eta bazkalostean tailer desberdinei tartea egingo zaie, 17:15era arte.

Fotos

Vídeos