«Borroka gehiago egitea espero nuen baina zorionak Azkoitiari»

Maite Iriarte azpeitiarra eta Eneritz Arrieta azkoitiarra, biak ere irribarretsu./LUIS ÁNGEL GÓMEZ
Maite Iriarte azpeitiarra eta Eneritz Arrieta azkoitiarra, biak ere irribarretsu. / LUIS ÁNGEL GÓMEZ

Emakume Master Cupeko azpitxapeldun geratu da Maite Iriarte, Eneritz Arrieta azkoitiarraren aurka galduta (12-22)

ELI AIZPURUAZPEITIA.

Amaitu da Maite Iriarte azpeitiarraren ametsa Emakume Master Cup txapelketan. Finala galdu zuen atzo Sopelan, Eneritz Arrieta azkoitiarraren aurka. Hamabi tantoan geratu zen Larrabetzun bizi den azpeitiarra. Txapelketa bikaina egin du Iriartek eta saria izan da finalean egotea bera. Hala ere, ez zuen zeukan guztia eman atzokoan Sopelako udal pilotalekuan. «Borroka gehiago egitea espero nuen baina zorionak Azkoitiari», esan zuen irribarretsu Iriartek partidaren ostean.

Lagun handiak dira bi arerioak eta konplizitatea nabarmendu zen kantxan ere. «Asko laguntzen du horrek, nabaria da gero jokatzerakoan ere». Hitz gozoak besterik ez zituen izan Maitek txapeldunaren-tzat: «Fisikoaz kexatzen da beti Eneritz baina dituen bi esku horiekin ez du asko behar. Ezker eskubi nahi duena egiten du eta guk ahal duguna», esan zuen azpitxapeldunak.

Egun ona ez izan arren, 12 tantora heltzea lortu zuen azpeitiarrak. 26 minutu iraun zuen partidak. Hasiera ona eman zion Iriartek eta aurrez aurkariaren trebezia jakinekoa bazen ere, ondo eutsi zion lehen tantoetan. Defentsan ona dela erakutsi zuen Iriartek, saiatu zen eutsi eta eutsi, arerioaren akatsak topatu arte baina azkoitiarraren jokoan sartzen zen heinean, nagusi zen Arrieta. 13 eta 5eko aldea atera zion, tartea handiegia partida nola zihoan ikusita. Hala ere, 12raino igotzea lortu zuen. Ondorioz, datorren denboraldian Elite mailan jokatu ahal izango du txapeldunak. Giro ederra izan zen Sopelako frontoian. Autobus bat ere gerturatu zen Azpeititik Maite Iriarte herritarra animatzera.

Kirolari onenaren sarirako izendatu dute Iriarte beste herritar askorekin batera. Hurrengo zapatuan banatuko dira 2017ko kirolari onenaren sariak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos