Baserritarren egun jendetsua

Baserritarren Egunean, ezin ganadua falta. Buru dotoreak ikus zitezkeen eta nola ez, haurrek bereziki, ukitu egin nahi. / AGAZKIAK ELI AIZPURU

45. Sagardo Lehiaketaren saria Hernaniko Otsua-enea sagardotegiarentzat izan zen eta Remiro nafarrak eraman zuen gazta onenaren saria Santio Egunak, beste behin, sagardoa, ganadua, gazta, hegaluzea eta giro ona elkartu ditu

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Santio Egunaren bueltan ohiko sagardoa edo txekor, gazta edo hegaluzearen pintxoez aparte, eguzkia izan ohi da protagonista sarritan. Eguerdian, bete-betean jotzen duenean, ezinbestekoa izan ohi da sagardoa edatea egun berezi honetan. Atzokoan ordea, zerua mehatxuka bazen ere, euriari eutsi zion eta eguerdira arte ateri egotea eskertu zuten Azpeitiko plazara hurbildu ziren ehunka lagunek. Horrela izanda, goiz paregabea izan zuten sagardozaleek.

Gauerdian hasi ziren prestaketa lanak. Bezperan, herriko hainbat harakin prest zeuden txekorra erre-tzen hasteko. Gaueko hamabietan ekin zioten eta hamabi orduan prest zegoen haragia, ondoren zatitu eta pintxoak banatzeko. Ikaragarria bada ere, «hamabi ordu erretzen igaro eta gero, ordubetean jango da», zioen prestatzaileetako batek.

Izan ere, sagardo lehiaketa hasterako, gainezka zegoen plaza. Nafar banderari gorazarrea egin zioten Nabarralde Fundazioko Urolakoen Napar Zuzterrak taldeko kideek. Ordurako, ganadu buruak ere ikusgai zeuden Foruen ibilbidean. Aurtengoan eskualde mailako arraza desberdinen ganadu erakusketa izan da eta limusinak, blondak edo pirenaica arrazako abereak ikusteko aukera izan dute gerturatutakoek. Beraz, datorren urtean, bi urtean behin egin ohi baita, izango da berriro Euskal herriko ganadu txapelketa, iaz bezala.

Nahikoa sagardo edan eta txekor, gazta edo hegaluze pintxoak jateko aukera izan zen goizean zeharGaur, atseden eguna da eta berriro, bihar, helduko zaio jaiari, desenkajonamendua izango baita

Baserritarren Eguna edo Santio Eguna Azpeitian zerbaitek bereizten badu ordea, Sagardo Txapelketa da. Berezia izan da gainera aurtengo zita. Izan ere, lehiaketa jarraian ospatzen den 45. aldia izan da. Orain arte ez bezala, aurtengoan lehiaketa bateratua izan da. Aurreko urteetan, bi lehia izan ohi ziren. Batetik, epaimahaiko kideek aukera-tzen zuen sagardoak jasotzen zuen saria eta bestetik, elkarteek edo herritarrek egiten zuten puntuaketa. Sari bakarra izan da aurtengoan, «azkenean lortu baitugu parte har-tzen duten 23 sagardogileek sagardo bakarra ekartzea lehiaketara eta ez bi, orain arte bezala», esan zuten antolatzaileek.

Beraz, kioskoan kokatutako epaileak sagardoa dastatu eta dastatu aritu ziren eguerdi osoan eta Otsua-enea sagardotegiarentzat izan zen saria. Hernaniko sagardo etxeak 142 puntu eskuratu zituen eta honenbestez Mikel San Juan herriko tailagileak bereziki hitzordu honetarako egindako egurrezko oroigarria jaso zuen.

Bigarren lekuan, Asteasuko Sarasola sagardotegia sailkatu zen, 138 punturekin. Hirugarren saria, berriz, Andoaingo Gaztañagak eraman zuen, 136 punturekin.

Sagardoarekin batera, XVIV. Gazta Lehiaketa burutu zen. Nafarroara joan ziren lehen sariko 300 euroak eta orogarria. Ricardo Remiro izan zen irabazlea. Bigarren lekuan, 200 euro eta oroigarria jasota, Elgoibarko Mausitxa baserriko Jesus Ansola izan zen eta hirugarren sariko 150 euro eta trofeoa, berriz, Arabara joan ziren, Aixtra izan baitzen irabazlea.

Nahikoa sagardo edan eta txekor, gazta edo hegaluze pintxoak jateko aukera izan zuten herritarrek eta bertara hurbildu zirenek. Tragoa eta mokaduarekin batera, Amets Arzallus eta Sebastian eta Beñat Lizasoren bertsoekin eta Laja aita-semeen, Luzurditxo eta Berastegiren trikitiarekin gozatzeko aukera izan zen etxera edo bazkaltzera erretiratu baino lehen.

Arratsaldean, berriro festa giroak jarraitu zuen. Kantu poteoa egin zuten aurrena Kantu jirako kideek eta zezenekin egindako akrobazioak gustuko dituztenek gozamenerako tartea izan zuten zezen plazan. Bertan ospatu baitzen Errekortari jaialdiko edizio berri bat, errekortari onenak ikusteko paradarekin.

Jainekin txarangaren musika paregabearekin amaitu zen eguna.

Gaur, atseden hartuko dute Azpeitian, festari dagokionez behin-tzat, eta berriro, bihar, osteguna, helduko diote jai egitarauari. 19:00etan, desenkajonamendua izango da, zezen plazan. Bertan, asteburuan zezenketetan izango diren Fuente Ymbro, Ana Romero eta Cuadri ganadutegiko zezenak ikuiluratzen ikusi ahal izango dira. Bihar baita ere, 22:00etan, Musika Bandak kon-tzertua eskainiko du plazan.

Fotos

Vídeos