Azpeitira iristen diren lagunen gizarteratze prozesua errazteko harrera protokoloa landu dute

Udaleko, hezkuntzako eta herriko talde desberdinetako ordezkariak egin dute bat. / E.A.

Etorkinak «modu bateratuan eta koordinatuan» hartzea dute helburu eragile desberdinek eta Udalak

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Udaleko administrari-tza orokorra, gizarte zerbitzuak, Udaleko kontu hartzailetza, kultura saila, kirol sailak, parekidetasun saila, Udaltzaingoa, liburutegia, kiroldegia, Gaztelekua, Emakumeen Txokoa, herriko osasun zentroa, ikastetxe guztiek, Udal Euskaltegia eta EPA, Elkar-ekin, elikagai bankua eta Karitas-ek, elkarlanean, Azpeitira iritsi berri diren pertsonen eta bertako herritarren arteko harremana, ezagutza eta elkarbizitza hobetzen laguntzeko, harrera protokoloa diseinatu dute.

Izan ere, orain arte, Estitxu Elduaien gizarte zerbitzuetako ba-tzordeburuak azaldu zuenez, bakoitzak «bere moduan» egin izan die harrera etorri berriei. Aurrera begira, helburua da eragile guztiek «modu bateratuan eta koordinatuan» egitea harrera hori, «ahalik eta egokien egiteko, informazio eta aholkularitza zerbitzu egokiena emateko eta eraginkorragoa» izateko.

Elkarlanerako printzipio batzuk zehaztu dituzte protokolo honetan. Hala nola, kultura eta jatorri aniztasuna sustatzea; bizikidetza eta elkarbizitza: etortzen direnei Euskal Herriaren eta herriaren beraren inguruko informazioa ematea; parte hartzea: herriko parte izan eta partaide izan daitezen sustatzea; elkar ezagutza eta elkar aitortza susta-tzeko espazioa eta ekintzak artikulatzea; aukera berdintasuna: herritar guztiek eskubide eta betebehar berak dituztela sustatzea; genero ikuspegia eta azkenik, euskara, kohesio hizkuntza bezala.

Elduaienen esanetan, «lehen urratsa» besterik ez da. Ondorengo hilabeteetan bilera egingo dute «balorazioa egin eta zertan hobetu» daitekeen jakiteko eta aurrera begira hainbat ekintza eta proiektu landu eta aztertuko dituzte, formazioa landuz eta tailer desberdinak antolatuz.

Fotos

Vídeos