Azpeitiko Gure Esku Dagok ekaineko giza-katea aurkeztuko du bihar

12:00etan izango da eta Gasteiz, Bilbo eta Donostia lotuko dituen ekimenaren inguruko xehetasunak azalduko dituzte

E.A. AZPEITIA.

Gure Esku Dago (GED) plataformak ekainaren 10erako antolatu duen giza katea aurkeztuko du Azpeitiko GEDk, bihar, zapatua, Sanagustin kulturgunean. Ekitaldia 12:00etan izango da, eta bertan azalduko dituzte Gasteiz, Bilbo eta Donostia lotuko dituen giza katearen inguruko xehetasunak. GEDk aurreratu duenez, giza katearen 201,9 kilometroko bidea 100.000 lagun elkartuta osatu nahi dute, 'Eman eskua etorkizunari' lelopean.

Azpeitiarrek ere izango dute beren aletxoa jartzeko aukera, eta horregatik, biharko aurkezpenean antolaketaren inguruko xehetasunak azaldu eta ekainaren 10era bitartean gauzatuko diren ekimenen berri emango da.

«Bost urteotako ibilbide honetan egin dugun gisan, oraingoan ere, elkartu ditzagun borondateak, eskuak eta bihotzak, batu gaitezen, eta jarrai dezagun burujabetzaren aldeko bidean urratsak ematen», azaldu dute Azpeitiko Gure Esku Dagoko kideek biharko gonbidapena luzatuz.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos