Azpeitiko emakumeei ere planto egiteko deia luzatzen diete

Autoantolaketako, Basanderiekeko, Ernaiko, Gaztetxeko, bilgune feministako, Udaleko eta ikastetxeetako kideak. /  M.E.
Autoantolaketako, Basanderiekeko, Ernaiko, Gaztetxeko, bilgune feministako, Udaleko eta ikastetxeetako kideak. / M.E.

Biharko Emakumeen Nazioarteko Egunerako, eta ostiralerako, egitarau bateratua prestatu dute Azpeitiko mugimendu feminista osatzen dutenek

ELI AIZPURU AZPEITIA.

Emakumeen Nazioarteko Eguna da bihar, martxoak 8, eta egun horretarako lanuzteak deitu ditu Euskal Herriko mugimendu feministak 'Emakumeok planto!' lelopean. Azpeitiko mugimendu feministak ere bat egin du deialdiarekin «menpean hartzen gaituen eta zapaltzen gaituen sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala» salatzeko. Honela, deia luzatzen dute grebara batu eta antolatu diren ekitaldi desberdinetan parte hartzeko. Martxoaren 8a «bide luzen baten abiapuntua» izango dela esan dute eta «aliantza berriak ehunduko» dituztela diote «bateratuz eta elkar ezagutuz, gure borrokak berriz pentsatuz, erresistentzia berriak eraikiz eta baztertzen gaituen mundutik askatuz», beti ere alternatiba feminista bat sortzeko helburuarekin.

«Ez da greba hutsa» Azpeitiko mugimenduarentzat, «eredu osoa aldatuko duten proposamen politikoekin» aterako baitira kalera. Emakumeek, lesbianek, transek eta migratutako emakumeek beren «aniztasun osoan» planto egingo dutela diote: «Ezetz esateko egingo dugu planto, hitz-jario ustelekin eta ekintzen eskasiarekin nekatuta gaudela esango dugu, diskurtso hutsalek ez digutela jadanik balio».

Beraz, martxoaren 8ra eta 9ra begira, hau da, bihar, ostegunera eta ostiralera begira, egitarau bateratua prestatu dute Azpeitiko mugimendu feminista osatzen duten eragileek eta norbanakoek: Autoantolaketa taldeak, Basanderiek asanbladak, Ernaik, Gaztetxeak eta bilgune feministako, Udaleko eta ikastetxeetako kideek. Honela, 12:00etan, mosaikoa eta luntxa, izango dira, plazan. Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, transexualitatearen inguruko hitzaldia eskainiko da, Emakumeen Txokoan. Ondoren, 18:30ean, elkarretaratzea izango da, plazan. 19:00etan, Donostiko mobilizaziora joateko autobusa dago.

Hurrengo egunean, ostiralean , 'Gizonak eta feminismoa' hitzaldia eskainiko da Gaztetxean, 18:00etan. 20:30ean, jantoki begetarianoa martxan jarriko da, Gaztetxean bertan. Ondoren, Olor taldearen kontzertua dago.

Atxikimenduak

Udalbatzak, aho batez, onartu zuen atzo egindako bilkuran martxoaren 8ko ekitaldiekin bat egitea. Hala nola, Baigera jubilatu elkarteak ere.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos